Iruñean, «nahitaez»

Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek esan dute udalarekin sinatutako kontratua indarrean dela. Hitzartutakoa betetzera premiatu dute alkatea
Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Iñigo Santxo abokatua, Katakrak gunean atzo eginiko agerraldian.
Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Iñigo Santxo abokatua, Katakrak gunean atzo eginiko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2019ko azaroak 29
«Kontratua bizi-bizirik dago oraindik, indarrean». Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen abokatu Iñigo Santxok ez zuen zalantzarako tarterik utzi: «Iruñeko Udalak ezin du bere kabuz kontratua eten, edo atzera egin. Legez, hitzartutakoa bete eta ikuskizuna baimendu behar du, nahitaez».

Katxiporreta konpainiako pailazoek agerraldia egin zuten atzo Iruñeko Katakrak liburu dendan, udalarekin duten auziaren nondik norakoak azaldu eta azken gertaeren inguruko iritzia emateko. Gaur zuten egitekoa, Iruñeko Baluarte auditoriumean, Bizi dantza ikuskizun berria, Enrique Maia alkateak kontratua eten zien arte. Pailazoen abokatuaren arabera, ordea, «kontratu baten exekuzio fasean ez dago atzera egiterik».

Hori dela eta, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek iragarri zuten atzo gauerdira arte egonen zirela udalaren erantzun baten zain, eta, erantzunik jaso ezean, ikuskizuna emateko beste bide bat iragarriko dutela «aurki». Atzoko agerraldian, pailazoek azaldu zuten Baluarten egon nahi zutela eta prest zirela ikuskizuna emateko. Argi utzi zuten, dena den, auzi honek «nekea» eta «etsipena» eragin diela. «Ez genuke orain hemen egon nahi, egoera honetan. Nagia ematen digu gai honek, eta batzuetan, barruan daramagun pailazoa lurrera erortzen zaigu. Baina ez diogu inori gu zapaltzen utziko», esan zuen Aiora Zulaika Pirritx-ek. Halaber, haurren eta familien sostengua eta «aktibazioa» eskertu zuten pailazoek.

«Prebarikaziora hurbiltzen»

Auziaren beste ertz bati ere heldu zion atzo Iñigo Santxo abokatuak: udalak kontratua etengo balu horrek izanen lituzkeen ondorio juridikoei. Abokatuak nabarmendu zuen Nafarroako Kontseiluak asteazkenean emandako irizpena «loteslea» dela, eta udalak horri men egiteko beharra duela. «Prebarikazioaren marra oso fina da. Tentuz ibili beharko luke alkateak; ez du nondik heldu». Pailazoen ikuskizuna debekatzea «bidegabea» dela ebatzi zuen Kontseiluak.

EH Bilduren Iruñeko udal taldeak ere agerraldia egin zuen atzo, Maia alkatearen jarrera txarretsi eta kontratua bete dadila eskatzeko. «Aski da. Gogaituta gaude zentsurarekin, euskararen aurkako erasoekin eta Enrique Maiaren obsesioekin», azaldu zuen Joxe Abaurrea zinegotziak. Haren esanetan, udalak men egin beharko lioke Nafarroako Kontseiluaren irizpenari, eta pailazoen emanaldia baimendu. Kontrakoa egitea «prebarikazioa» izanen litzatekeela gaineratu zuen Abaurreak: «Gobernu zentsore baten obsesio politikoek ekarriko dute kalte-ordain bat diru publikoz ordaindu beharra».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna