Txibitek eztabaida politikotik ihes egin du urte bukaerako mezuan

Nafarroako lehendakariak nabarmendu du autogobernuaren defentsa egin behar dela

Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
«Nafarroa plurala da; errespetuan bizi gara, eta horretan jarraituko dugu». Maria Txibite Nafarroako lehendakariak urte bukaerako mezua zabaldu zuen atzo.Txibitek mezuan nabarmendu zuen elkarbizitza ezinbertzekoa dela, eta azpimarratu zuen elkarbizitzarik gabe ez dagoela «onura ekonomikorik». Lehendakariaren arabera, Nafarroaren apustua «bidezko hazkundea» da: hazkunde ekonomikoa eta gizarte garapena batera joatea.

Zabaldutako mezuan, euskaraz ere egin zituen hitz batzuk Txibitek: «Eskerrik asko zuen konfiantzagatik, eta eskerrik asko nahi izan duzuelako Nafarroako aniztasuna islatu dadila gobernu aurrerakoi batean, zentraltasun politikoan ardazturik». Eztabaidan sartu gabe, ia mami politikorik gabeko mezu bat egin zuen lehendakariak.

Txibitek adierazi zuen Nafarroako gizartearen egoera «ona» dela. Hala ere, ohartarazi zuen oraindik ere hainbat arrakala daudela, eta politika publikoak egitea ezinbertzekoa dela arrakala horiek gutxitzeko. Politika horiek «gizarte zibilarekin» bat egin behar direla nabarmendu zuen. Autogobernuaren alde egin beharreko defentsa ere azpimarratu zuen: «Autogobernua zalantzan jartzen duten garai hauetan, defendatu egin behar dugu».

Nafarroako Gobernua herritar guztientzat zabalik dagoela erran zuen, eta herritarrak parte hartzera bultzatu zituen. Indarkeriaren biktimak gogoan izanzituen mezuan, eta bereziki aipatu zuen indarkeria matxista, gobernuak hura desagerrarazteko konpromisoa duelakoan. Nafarroako Gobernua «feminista» dela nabarmendu zuen Txibitek.

Lehendakariak soilik ez, haren alderdiak ere egin zuen urteko balantzea. Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak nabarmendu zuen urte ona izan dela alderdiarentzat, bai hauteskundeetan lortutako emaitzengatik, bai alderdiak azken urteetan izan duen irudia aldatu duelako. «Bide gogorra izan da, alderdiak estigma bat zuelako, eta ematen zuelako iraganean egindako ekintzak errepikatuko zituela».

Aldaketa heldu dela adierazi zuen PSNk, herritar guztiak izango dituelakoan ardatz gobernu berriak. «Nafarroarentzat garai berri bat hasi da; identitate politika alde batera uztea lortu dugu, denentzako politikak egiteko». Gobernua gutxiengoan dago, baina, Alzorrizen esanetan, «gizartearen gehiengoa» alde du. Urtea «borobila» izan dela erran zuen, eta ez zuen inolako autokritikarik egin.

Navarra Sumaren kritikak

Navarra Suma koalizioak ere urteko balantze politikoa egin zuen atzo, eta gogor kritikatu zuen sozialisten jarrera. Boterea eskuratzeko «marra gorri» guztiak gainditu izana leporatu zion PSNri. Koalizioaren hitzetan, PSN ez da zintzoa izan herritarrekin: «Sozialistek, eskrupulu guztiak galtzeaz gain, herritarrak engainatu dituzte. Herritarrei promes egindakoaren aurkako neurriak hartzen ari dira». Koalizioak PSNri aurpegiratu zion Navarra Sumarekin mintzatu nahi ez izatea, eta oroitarazi zion gehiengo «zabal» eta «egonkorra» zuen gobernua osatzen ahal zutela.

Nafarroako Gobernuaren jarduna ere txarretsi zuen Navarra Sumak: «Azken hilabeteetan argi gelditu da: Txibite da buru, Barkosek agintzen du, eta EH Bilduk erabakitzen». Gobernuaren orain arteko jarduna ere kritikatu zuen koalizioak, eta salatu zuen egindako bakarra postuak banatzea izan dela. Gainera, gogor gaitzetsi zuen Nafarroako Gobernuko kargu kopurua igotzeko erabakia hartu izana, horrek diru kostua areagotzen duela argudiatuta. Herritarrei mezu argia bidali zien Esparza buru duen koalizioak: «Sozialisten gainbeheraren ondotik, gu gara independentisten esku egonen ez den Nafarroa forala, espainiarra eta europarra babesten duten bakarrak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.