Gipuzkoako zahar etxeetan hilabete batez luzatu dute greba

Patronalak eta ELAk bilera egin dute, baina sindikatuak salatu du ez dietela soluziorik eskaini. Hilaren 17an bilduko dira berriz

Sindikatuek deitutako protesta, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako gatazkari konponbidea emateko asmoz, bertze bilera bat egin zuten atzo ELA sindikatuak eta patronalak, baina, soluziorik atzeman ez, eta greba bertze hilabete batez luzatzea erabaki du sindikatuak, gutxienez otsailaren 7ra arte. 180. greba eguna izanen dute gaur zahar etxeetako langileek, eta, ia bertze hilabete batez luzatuta, 200 egun baino gehiagoko lanuztea egitera irits daitezke langileak.

Duela hiru egun eskaera egin zion ELAk patronalari atzoko bilerarako: sindikatuak jarritako bi baldintzak beteko ote dituen argi zezala. Patronalak, ordea, ez zien erantzunik eman. Txomin Lasa ELAko kideak salatu du «etxeko lanak» egin gabe joan dela patronala: «Ez dira ezerekin etorri».

Akordioa lortzeko bi baldintza jarriak dizkio sindikatuak patronalari: 2017. eta 2018. urteei dagozkien soldatak igotzea eta mahai sektorialean sinaturiko hitzarmena enpresa bakoitzak berriro izenpetu dezala. Atzoko bileran horri buruzko erantzunik ez zien eman patronalak, eta, beraz, heldu den ortziralean, hilaren 17an, berriz bilduko dira bi aldeak.

ELAko kideek azaldu dutenez, patronalak erran die ordurako proposamen bat eramanen duela bi baldintza horiei buruz. «Hor ikusiko dugu ea borondatea dagoen honi irtenbidea emateko, edo ezer ez egiteko estrategia bat izango den», adierazi du Lasak.

Aldundia arduradun

Gipuzkoako Diputazioa ez zuten deitu atzoko bilerara —abendukora deitu zuten, baina aldundiko ordezkariak ez ziren agertu—. ELAk diputazioaren gainean jarri du soluziobidearen ardura, eta salatu du patronalak «aurpegia zuritzen» diola aldundiari. «Diputazioak jarri behar du dirua; haren ardura da hau aurrera ateratzea, eta haiengandik etorriko da gatazka honen irtenbidea. Ez da horrela gaur egun». Haien hautua zein den argi gelditzea nahi dute ELAko kideek: «Nahi dugu gutxienez haiek aitzakiarik gabe geldi daitezela eta benetan apustua egin nahi duten ala ez argi geldi dadila». Langileek, berriz, soluzio bat bilatu eta «baldintza onak eta kalitatezko zerbitzu bat» bideratzeko borondatea dutela zehaztu du Lasak.

Heldu den ortziraleko bilerara bitarte patronalak aldundiarekin hitz egin dezakeela iradoki du ELAko kideak. «Pentsatzen dugu orain patronalekoak joango direla diputaziokoengana zein asmo duten galdetzera. Ikusiko dugu hurrengo astekoak zer ematen duen».

Hainbat grebaldi egin dituzte jada Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, eta azkenekoa azaroaren 11n hasi zuten. Ordutik borrokan ari dira, etenik gabe: «Gatazka oso larria eta luzea izaten ari da», Lasaren hitzetan. Xabier Pierrugues zahar etxeetako erabiltzaileen senideak, berriz, grebak aurrera jarraitzea «pauso ona» dela erran dio BERRIAri.

Araban ere protestan

Arabako zahar etxeetako langileek ere protesta egin zuten atzo Arabako Foru Aldundiaren aitzinean, lan baldintza duinak eskatzeko. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek elkarrekin egin zuten elkarretaratzea, eta langileen prekaritatea salatu zuten. Zahar etxeetan lan baldintza duinak berma daitezen galdegin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.