Koronabirusa

Kasuek gora egin dute azken orduetan Hego Euskal Herrian

Beste 871 kasuren berri eman dute, bezperan baino 155 gehiago. Agerraldi bat izan da Larresoron, eta zazpi gazte daude kutsaturik

PCR probak egiten aritu dira asteon Irunen. GORKA ESTRADA / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Asteon kasuak baretzen ari zirela zirudien arren, gora egin dute azken orduetan. Bezperan baino 155 positibo gehiago izan dira Hego Euskal Herrian: 11.909 PCR proba egin dituzte, eta horietatik 863 positiboak izan dira. Kasuen portzentajeak ere gora egin du, gainera: egin diren proben %7,31 izan dira positiboak; atzo, aldiz, %6,5 izan ziren. Herrialde guztietan igarri da gorakada, Bizkaian izan ezik. Hango datuak bezperakoen pare daude: 357 kasu atzeman dituzte, bezperan baino hiru gutxiago. Gipuzkoan, 271 kasuren berri eman dute; bezperan, 165 izan ziren. Nafarroan, 166 izan dira kasuak; bezperan baino 55 gehiago.

Halaber, alderik nabarmenena Araban izan da: 122 kasu atzeman dituzte azken orduetan, bezperakoak halako bi (53). Erkidegotik kanpo bizi diren bederatzi pertsona ere kutsatu direla jakinarazi du Jaurlaritzak. Era berean, 59 pertsona ospitaleratu dituzte gaitzaren ondorioz, eta, oro har, Hego Euskal Herriko ospitaleetan 393 gaixo daude. Horietatik 58, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren ustetan, ospitaletako eta ZIUetako egoera «kontrolpean» dago. Hala ere, asteotako kutsatzeen zenbakiak «altuak» direla berretsi du.

Bestalde, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak ohartarazi du Nafarroako kasuen %65 Iruñerrian atzeman dituztela, eta kutsatzeak ugaritu egin direla gazteen artean hiriburuan. Osasun Saila egoera epidemiologikoa «aztertzen eta baloratzen» ari da «une oro», eta kontseilariak ez du baztertzen bestelako neurriak ezartzea. Gainera,gogorarazi du kutsatze gehienak familia giroan eta lagunartean izaten direla. Horregatik, taldeak murrizteko eta osasun neurriak errespetatzeko eskatu die herritarrei Indurainek. Ardura «kolektiboa» dela nabarmendu du: «Egoera honetan baldin bagaude, gauzak ez ditugu guztiz ondo egin».

Zazpi kasu Larresoron

Larresoron (Lapurdi), agerraldi bat atzeman du Eskualdeko Osasun Agentziak. Oraingoz, herriko festa batzordeko zazpi gazte kutsatu dira, eta bakartuta daude. Arcachonera (Okzitania) bidaiatu zuten batzordeko gazteek, eta baliteke han kutsatu izana. Agentziak gazteekin kontaktuan izan diren pertsonak identifikatu ditu, eta etxeratze agindua eman die. Larresoroko ostatua ixteko erabakia hartu dute jabeek «prebentzio neurri» gisa, eta langile guztiei egingo diete PCR proba.

Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez badago ere, 67 kasu ezagutu ziren iragan astean. Asteazkenean, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) geriatria zerbitzuan bi kasu atzeman zituzten. Hala, gutxienez 76 dira Iparraldean gaitza duten pertsonak, azken datuen arabera. Mungian (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa) izan diren agerraldietan ere kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan Mungiako kasuan, hamabost kasu daude taberna batean izandako oldarraldiarekin lotuta, eta Irunen, bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.