Legebiltzarrak ez du zabortegien egoera ikertzeko talderik sortuko

EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute proposamena. EH Bilduk, EPk eta PPk alde bozkatu dute

Zaldibarko hondakindegia, luiziaren ostean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du hondakin industrialen zabortegietako egoera aztertuko lukeen lantalde bat osatzeko proposamena. PPk eta Elkarrekin Podemosek adostutako proposamena zen, eta EH Bilduk ere bozkatu du horren alde, baina EAJren eta PSE-EEren botoek galarazi dute aurrera egitea.

Batzorde bat sortzeko eskatzeaz gain, proposamenean auziari buruzko dokumentazio guztia bi hilabeteren buruan legebiltzarraren esku uztea galdegin diote Jaurlaritzari. PPko Muriel Larreak esan du proposamenaren zioa, Zaldibarko hondakindegian (Bizkaia) gertatutakoa ikertzea baino gehiago, «horrelakorik berriro gerta ez dadin» bidea jartzea zela: «Zaldibarko hondamendia galarazi zitekeen».

Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik esan du Jaurlaritzak «180 graduko aldaketa» egin behar duela gai honetan, eta ahotan hartu ditu Jaurlaritzaren eskariz egindako auditoriaren ondorioak: «Badirudi horren xede bakarra zela gobernuaren erantzukizun politikoak saihestea. Han esaten da ezinezkoa zela zabortegia kontrolatzea, eta enpresari zegokiola ziurtatzea gauzak ondo egiten zirela. Jaurlaritzak ezin badu kontrolatu, zertarako balio du Jaurlaritzak?».

EH Bilduren nahia zen Zaldibarko hondamendiaren inguruko ikerketa batzorde bat abiaraztea, baina, hala ere, egoki ikusi du PPren eta EPren proposamena, eta horren alde bozkatu du. Mikel Otero bozeramailearen iritziz, «konpontzeke» daude Zaldibarko auziari buruzko zenbait kontu: Joaquin Beltranen gorpua aurkitzea, hondakindegian zegoen zaborrarekin zer egin erabakitzea, lanean aritu ziren beharginen eta inguruko herritarren osasuna artatzea eta abar; eta, era berean, beste zenbait zalantza «argitzeke» daude; adibidez, «zergatik atzeratu zen horrenbeste zigor txostena zabaltzeko erabakia», eta hondamendia gertatu eta lehenengo orduetan erreskate lanetan izandako «deskoordinazioa».

«Politika eskasa»

Gobernuari sostengua ematen dioten talde parlamentarioek, berriz, kritikatu egin dute oposizioko taldeen jarrera, eta bestelako asmoak atzeman dituzte proposamenaren atzean. EAJko Maria Eugenia Arrizabalagak, adibidez, «politika eskasaren» adibidetzat jo du «hauteskundeetarako deialdia egin zenetik» oposizioak izandako jarrera, eta «paradoxikoa» iritzi dio «EH Bilduk, EPk eta PPk daramaten estrategia bateratuari».

Arrizabalagak esan du bazegoela aukera EPk aurkeztutakoa landu eta «erdibideko proposamen batera» iristeko, baina ez dela posible izan EPk ez duelakogai honetan akordioaren itxurarik eman nahi. Argi utzi du ez zutela proposamena babestuko. Esan duenez, orain Jaurlaritzak hiru lehentasun ditu: Beltranen gorpuzkiak aurkitzea, zabortegi guztien egoera «sakon» aztertzea eta, «gobernu hitzarmenean jasotzen den bezala», hondakin industrialei buruzko politika etorkizunerako finkatzea: «Lantalde batek ez luke lehentasunezko eginkizun horietatik bat bera ere azkartuko».

PSE-EEko Eneko Anduezak, berriz, esan du proposatutako lantaldearen benetako helburua dela «oztopoak jartzea» eta «Gobernua higatzea», eta egongo dela horretaz eztabaidatzeko aukera gaiari buruzko lege berriaren egitasmoa aurkezten dutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.