Koronabirusa

Sagarduiren jarduna irmoki defendatuz

Urkulluk adierazi du Osasun sailburuak «gardentasunez» jokatu duela txertaketa irregularren auzian,«egia osoa» esanez

Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan hizketan. DAVID AGUILAR/ EFE.
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Iñigo Urkulluren hitzetan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak «azkar, sendo eta gardentasunez» jokatu du Basurtu eta Santa Marina ospitaleetan (Bizkaia) egindako txertaketen auzia kudeatzeko orduan. Lehendakariari iruditzen zaio, gainera, Sagarduik «egia osoa» esan duela azalpenak eman dituen bakoitzean, eta, horrenbestez, ez dagoela hura kargutik kentzeko motiborik. Irmo defendatu zuen, atzo, Osasun sailburuaren jokabidea Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduren eta EP Elkarrekin Podemos-IUren galderei erantzunez, urteko aurreneko kontrol saioan.

Rebeka Uberaren (EH Bildu), esanetan, Osakidetzaren izena «zikinduta» dago duela hiru urte oposizioen auzia azaleratu zenetik, eta uste du ezin dela EAEko osasun zerbitzua «lurperatzen» jarraitu «egia erdiekin edo gezurrekin». Adierazi zuen Basurtuko eta Santa Marinako txertaketak baimendu zituztenek «erantzukizunak» onartu behar dituztela. Pentsatzen du Sagarduik «inhabilitatua» egon beharko zukeela legebiltzarrean «gezurra» esan zuenetik. «Gauza guztiekin egiten duzuen bezala, ezin dira txertoak kudeatu zuenak izango balira bezala».

Sagarduik auziaz hitz egiteko egindako bi agerraldiak —urtarrilaren 20an eta 27an— gogoratu zituen Urkulluk atzo, eta nabarmendu zuen «arazoen berri» eduki eta «berehala» hartu zirela «erabakiak». Azpimarratu du, bide batez, erreakzioa «berehalakoa, irmoa eta eredugarria» izan zela. Bai horregatik, bai «egia» esan zuelako, Urkulluk Sagardui defendatu zuen. Gainera, oposizioaren «akusazio faltsuak» arbuiatu zituen atzoko saioan.

Miren Gorrotxategi EP-IUren Legebiltzarreko bozeramailearentzat, txertaketa protokoloa «larriki» hautsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «erantzukizun politikorik» hartu nahi ez izatea egotzi zion lehendakariari. Aurpegiratu zion, aldi berean, txertaketen auzian gertatutakoa «kale istiluak» lehen lerrora ekarriz estali nahi izatea. «Ke lainoak dira. Ez denez hitz egin nahi eragiten diguten gauzez...». EAJko kideak «legez kanpo» txertatzea —jeltzale ezagunak dira Eduardo Maiz Basurtuko zuzendaria eta Jose Luis Sabas Santa Marinakoa— «klientelismoa» da Gorrotxategirentzat, eta «zalantza» du ea Eusko Jaurlaritzako kideren bati ere txertoa jarri ote dioten.

Lehendakariak erantzun zion EAJko «bi» kidek hartu dutela txertoa, eta badakitela berriro gerta litezkeela irregulartasunak txertaketetan. «Ezin dugu bermatu halakorik ez gertatzea. Baina bermatu dezakegu huts egiteak badaude erreakzioa berehalakoa, irmoa eta gardena izango dela, eta erantzukizunak argituko direla». Urkulluk iragarri zuen Sagarduik berak Jaurlaritzaren Etika Publikoko Batzordera igorri duela gaia, bertan azter dezaten.

Osasun sailburuak berak ere hartu zuen hitza atzoko saioan. Protokoloz kanpo jarritako txertaketaren gaian «egia ez esatea» leporatu zion Laura Garridok (PP-C's), eta Sagarduik erantzun zion «inondik inora» ez duela erantzukizunik Osakidetzako bi goi kargudunek txertoez eginiko «erabilera okerrean».

Tasa 60ra jaistea helburu

Saioa hasteko, EAJko parlamentari Luis Javier Telleriak galdetu zion Urkulluri ea zer ikuspegi helaraz diezaiokeen euskal gizarteari pandemiaz, eta lehendakariak erantzun zuen Jaurlaritzaren helburuak direla txertaketa estrategiarekin jarraitzea, eta kutsatze tasa 100.000 biztanleko 60 kasura jaistea. Dena den, lehen helburua da tasa hori 500 kasutik behera apaltzea. Oraintxe bertan 654 kasukoa da.

Haren arabera, Jaurlaritzaren kudeaketarengatik saihestu ahal izan da etxeko beste itxialdi bat, osasun sistemaren «kolapsoa», hezkuntza zentroen itxiera eta «koma ekonomikoa», eta azpimarratu zuen datozen hilabeteetako garapena bi aldagaik baldintzatuko dutela: batetik, Erresuma Batuko aldaeraren bilakaerak; eta, bestetik, txertaketa prozesuak. Adierazi zuen txerto dosien ekoizpen eta banaketa prozesuak «zalantza asko» eragiten dituela. «Txertaketa da oinarria pandemiaren aurkako borrokan. Hala da orain, eta izango da». Eta, ziurtatu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bete egingo direla «txertaketa helburuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.