Torturaren ikerketa ofiziala egiteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Sareak azaldu du poliziek mila lagun inguru torturatu dituztela diktaduratik iragan hamarkada arte

Parlamentuaren aurrean egindako ekitaldian, Antonio Goñi eta MIkel Zabalza omendu zituzten, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroako Torturatuen Sareak atzo jakinarazi zuen azken hamarkadatan «mila lagun inguru» torturatu dituztela. Gaur egingo den Torturatuak Babesteko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, bi kasu berezi gogorarazi nahi izan zituzten Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako ekitaldian: Mikel Zabalzarena eta Antonio Goñirena. Azken horren istorioa ez da hain ezaguna, baina Burgosko prozesuaren aurkako manifestazio baten ondoren atxilotu eta tortura basatiak jasan ostean, bere buruaz beste egin zuen. Sareak dei berezia egin zion Nafarroako Gobernuari torturaren inguruko ikerketa ofiziala egin dezan.

Berez, iragan legealdian, Ana Olloren departamenduak laguntza deialdi bat ireki zuen, eta 18.000 euroko laguntza eman zion EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuari 1960tik gaurdainoko tortura kasuak ikertzeko. PPren gobernuak helegitea jarri, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen deialdi hura. Hiru urte pasatu dira geroztik.

Torturaren nazioarteko egunaren bezperan, sareak gogora ekarri zuen Nazio Batuen arabera torturaren praktika sistematiko eta orokorra «gizateriaren aurkako krimena» dela. Horregatik, Nafarroako instituzioei dei egin zien tortura jasan duten mila lagun ingururi aitortza egitera, eta haiek bizitakoa erreparatzera. Halaber, exijitu zuten bermatu dadila «beste inork ez duela gaitz hori inoiz ere pairatuko».

Aurretik, Memoriaren Euskal Fundazioak azterketa bat egin du, eta, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Kriminologiaren Euskal Institutuak ere aztertu ditu kasuak. Hala ere, ikerketa Nafarroara hedatu behar dela deritzo sareak, eta horregatik aldarrikatu zuen Nafarroako Gobernuak ikerketa ofiziala egin behar duela. «Garrantzitsua iruditzen zaigu estatuko segurtasun indarrek zenbat pertsona torturatu dituzten argitzeko, eta, hartara, giza eskubideen urraketa larri horrek gure lurraldean izan dituen ondorioen argazki osoa eskaintzeko», azpimarratu zuen Jorge Txokorrok, sareko kideak.

Atzoko ekitaldian, hainbat urtetan tortura jasan duten pertsonen testigantza entzun ahal izan zen. Frankismo garaian, Gloria Bosque bi aldiz torturatu zuten. Iragan legealdian Nafarroako Parlamentuan eman zuen bere testigantza. Atzo, eraikinaren kanpoaldean Antonio Goñiren kasua kontatu zuen. 1970eko abenduan, Burgosko prozesuaren aurka Donostian egin zen manifestazioan parte hartu zuen Goñik. Lagunekin zihoala, garai hartako Polizia Armatuak gerarazi egin zituen, eta identifikatu. Ez zeraman berekin nortasun agiririk, atera berri ziren tabernan ahaztu zuelako. Atxilotu, eta hemezortzi egunez ez zuten haren berririk izan lagunek. Gupida gabe torturatu zuten, eta eskuetako azazkal guztiak kendu zizkioten. «Denetarik egin ziotela esan zuen». Gloria Bosquek azaldu zuen jasandakoaren ondorioz bere buruaz beste egin zuela.

Idoia Zabalzak, berriz, gogora ekarri zuen tortura ez zela amaitu diktadurarekin, eta inkomunikazio aldia murriztu arren «disidentziaren aurkako praktikak orokor izaten» jarraitu zuela. Bere anaia Mikel 1985ean hil zuten guardia zibilek, eta orduko pasarte bat ekarri zuen gogora: anaia desagertuta zela, ama Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartelera joan zen semeaz galdezka, eta han, «objektu galduen bulegoan» bilatzeko esan zioten.«Bertsio ofiziala zen ihes egiten saiatu zela, eskuburdinekin ibaira salto egin zuela» .

«Hil egin nahi nuen»

Tortura, dena den, herritar askok jasan dute. Adibidez, Marilo Gorostiaga 1994an atxilotu eta torturatu egin zuten. «Burua estali zidaten. Behin eta berriz esaten nien ez nuela ezer egin. Soto hartako ziegatan oihu lazgarriak entzun nituen. Behin eta berriz jo ninduten, eta poltsa jarri. Biluzik utzi ninduten. Inoiz ez dut hainbeste beldur pasatu; hil egin nahi nuen». Gorostiagak esan zuen halako istorio lazgarri ugari daudela: «Guztiek kontatzen dute zerbait torturaren izugarrikeriaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.