Gizonezko bat espetxeratu dute alaba bortxatzea leporatuta

Hendaian jazo zen erasoa, eta otsailetik dago Baionan preso, atzo jakinarazi bazuten ere. Gasteizen eraso matxista bat salatu dute

Bortxaketa salatzeko atzo Gasteizen egindako elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Leire Casamajou - Gurutze Izagirre Intxauspe
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Beste indarkeria kasu baten berri eman dute. Izan ere, Hendaian 57 urteko aita batek bere alaba bortxatu izana aitortu du. Urte hasieratik zegoen ikerketa zabalik, eta otsailean espetxeratu zuten Baionako espetxean. Atzo eman zuten auziaren berri.

Hendaian bizi den familia baten aita da preso sartu zutena,adingabeko baten bortxaketaren ondorioz irekitako prozedura kriminalagatik. Gizonaren alabak sei urte zituen lehen intzestu erasoa jasan zuenean, ikerketako iturriek zabaldu dutenez. Erasoak 2012. eta 2017. urteen artean izan ziren. Neska gazteak bere eskolako hurbilenei bizi izandakoa kontatu zielarik salatu dira gertakariak. Aitak aitortu egin ditu gertakari horiek,eta Baionako kartzelan preso dago, otsailetik.

Bestalde, Bokalen (Lapurdin) beste eraso baten berri izan zen astearte ilunabarrean. 25 urteko gizon bat atxilotu zuten bere neska lagun ohiaren autoa hiru aldiz jotzeagatik. Autoaren barnean, emazte horren hemezortzi hilabeteko haurra ere bazegoen. Joan den asteburuan jadanik, 23 urteko emazteak mutil lagun ohia salatu zuen, jazarpen telefonikoa eta hiltzeko mehatxuak egiteagatik. Emakumeak salaketa pausatu du, bortizkeria armatua egotzita.

Elkarretaratzea Gasteizen

Igandean emakume transexual batek bortxatu egin zutela salatu zuen Gasteizen, eta elkarretaratzera deitu zuten atzo Ekainak 28 plataformak eta mugimendu feministak, erasoa salatzeko. Gorka Urtaran alkateak babesa agertu zion eraso egin ziotenari. Marian Gutierrez Gasteizko Herritarren Segurtasuneko zinegotziak ere babesa agertu zion, eta kezka agertu zuen azkenaldian gorroto delituekin lotura izan dezaketen erasoen gorakadarengatik. Eskuin muturraren diskurtsoak goraldi honetan izan dezakeen eraginaren inguruan gogoeta egitera deitu zuen.

Aste honetan beste hiru atxiloketaren berri eman du Herrizaingo Sailak, indarkeria matxistarekin lotuta: Barakaldon (Bizkaia), Ekoran (Araba) eta Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.