Albaitaritza lan eskaintzako ustezko iruzurra auzitara eroango du ESK-k

Bizkaiko Foru Aldundiko beste lan eskaintza batzuetan antzeko kasuak egon direla esan dute

ESK sindikatuaren agerraldia Bilboko egoitzan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiaren lan eskaintza publiko (LEP) batean irregulartasunak egon direla salatu du ESK sindikatuak. Albaitaritzako espezialitateko hiru lanpostu betetzeko hautaketa prozesu batean iruzurra egon dela uste du. Gaur aurkeztuko ditu frogak Bilboko Instrukzio Epaitegian, eta salatzaile gisa agertuko da. Irailaren 22an aurkeztu zuen sindikatuak salaketa penala Bizkaiko Fiskaltzaren aurrean.

Sindikatuak azaldu duenez, foru aldundiko goi mailako hainbat funtzionario leudeke nahastuta iruzurrean, eta behin-behineko funtzionario bat izan da onuraduna. Izan ere, bera izan zen lan eskaintzara aurkeztutako bederatzi hautagaien artean ariketa praktiko bateko erantzun guztiak asmatu zituen bakarra. Sindikatuari deigarria iruditu zitzaion azterketan ontzat emandako erantzunak ez zetozela bat Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako irizpideekin. BERRIAk joan den astean argitaratu zuenez, ustezko iruzurraren muina ariketa praktikoan dago. Bakion (Bizkaia) dagoen ustiategi bat aipatzen zuen, benetan existitzen dena, eta hura handitzeko eta han jarduera berriak jarri ahal izateko ezarri beharreko neurri, betekizun, arau eta abarrez galdetzen zuen. Erantzun egokiak asmatzeko beharrezkoa zen foru aldundiaren irizpide propioetan oinarritutako prozedurari jarraitzea, baina lan eskaintzaren oinarrietako bibliografian ez zegoen prozedura hori zehazten zuen gida edo eskulibururik. Sindikatuak salatu du aldundiko erregistrora sarbidea duen batek kasu praktikoa ebatzi zuela azterketa egin baino hilabete lehenago. Ekintza hori erregistratuta geratu zen Bizkaiko Foru Aldundiak erabiltzen duen Sitran abere trazabilitatearen sistema integratuan. Proba egin baino bost egun lehenagojarduera horiek ezabatu zituzten.

Igor Mera ESK-ko kideak aipatu du oraindik ez dakitela nork ebatzi zuen aplikazio informatikoan proba praktikoa, ezta nork erabili zuen ere. Dakitena da aldundiko funtzionario bat sartu zela ustiategi haren erregistroan, eta erakunde bereko behin-behineko funtzionario batek bakarrik gainditu duela proba. Meraren hitzetan, aurkeztutako dokumentazioan «argi» geratzen da epaimahai ebaluatzaileko kide ez den funtzionario batek modu «erabat irregularrean» parte hartu zuela ariketa praktiko horren idazketan eta zuzenketan.

Ez da bakarra

ESK-ren arabera, antzeko hainbat iruzur kasu egon dira lan eskaintza publikoetan. 2018an zalaparta handia eragin zuen Osakidetzako lan eskaintza publikoen auziak, eta Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburuak dimisioa eman zuen. Merak adierazi du heldu zaizkiela aldundiari lotutako beste deialdi batzuen iruzurren zantzuak ere, baina ezin izan dute fiskaltzara jo froga faltagatik. «Argi dago kolokan dagoela gaur egungo LEP eredua», azaldu du. «Bizkaiko Batzar Nagusietako hainbat taldek salatu izan dute zer-nolako arazoak sortzen dituen eredu honek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.