Elur urtuak eta ibaien emari handiek kalteak eragin dituzte

Cadagua eta Nerbioi ibaiek egin dituzte kalterik handienak Bizkaian. Auzokide batzuek ezin izan dituzte ibilgailuak garajetik atera

Bilboko Zorrotza auzoan dozena bat auto urperatu zituen ibaiak. LUIS TEJIDO / EFE.
Javi West Larrañaga.
Basauri
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ibaiek gainezka egin dute. Asteburuko elurteek arazoak sortu dituzte Nafarroan, Araban eta Zuberoan; eta euriteek Gipuzkoan eta Bizkaian. Prefeturak elur jausi alerta ezarri zuen Pirinio Atlantikoetako departamenduan asteburuan, eta Jaurlaritzak iragarria zuen alerta egoera. Gainezka egin zuten Deba, Urumea, Oria, Cadagua, Nerbioi eta Ibaizabal ibaiek. Kalterik handienak Bizkaikoek eragin zituzten. Cadaguak Sodupen, Alonsotegin eta Zallan (Bizkaia) egin zituen txikizioak garaje eta lonja askotan. Nerbioik beste horrenbeste egin zuen Arrigorriagan eta Basaurin. Ibaizabalen urek Bilboko Zorrotza auzoan dozena bat auto urperatu zituzten Clara Campoamor kaleko tunelean.

Ikusi gehiago: argazki bilduma

Arrigorriagan (Bizkaia) kiroldegia urez bete zen, eta, arriskuaren jakitun, Basauriko Ariz auzoko bizilagunak gauean eta goizaldean aritu ziren ibilgailuak garajeetatik ateratzen. «[Atzoko] gauean eman zuten abisua sirenekin, baina auzoko bat ez da jabetu, eta uste dugu autoa eta motorra hondatu dizkiola urak». Garajean urak utzitako arrastoari begira esan zituen berbok Miguel Angel Marcosek, Basauriko bizilagun batek. Beste hainbat auzokiderekin zebilen garajean sartzen eta irteten, kalteak aztertzen. «Errekaren gainean eraikitzeagatik gertatzen dira halakoak», esan zion beste bati. Azaldu zuenez, lonja batzuetara errekak gainezka egitean sartu zen ura, eta beste batzuetan, estoldetatik. Zenbait lonja txikitan, urak ayeak apurtu zituen, barrura sartu eta bertako gauzak dantzan ipini zituelako, hormak eta ateak jota.

Ibaiaren bestaldean dauka garajea beste bizilagun batek, Arantxa Emaldiak. Hura ere jakinaren gainean zegoen, baina hura eta haren senarra Bilbon bizi direnez, ez zien denborarik eman autoa garaiz ateratzeko. Ehun bat autorentzako garaje batean, haiena zen barruan geratzen ziren hiru ibilgailuetako bat. «Bai abisatu dute, baina kanpoan geunden, eta ezin izan dugu garaiz atera». Autoa ezin abiarazi zebiltzan, aseguru enpresakoekin hizketan. Edonola ere, ibaiek beste herri batzuetan eragindako kalte larriagoak zituen gogoan Emaldiak.

Arazoa aspaldikoa da Jose Maria Ruiz auzokidearen arabera. Gogoratu du Nerbioi ibaiari ur maila jaisteko lan egin zela, baina uste du ez zela nahikoa izan. «Beti dago zikin-zikin eta landarez beteta, arbolak eta guzti. Udalak ez du ezer egiten, eta auzokoek abisatu genuen. Ea behingoz zerbait egiten duten».

Euriak eguerdirako arindu ziren, eta Jaurlaritzak larrialdi egoera indargabetu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.