Koronabirusa

Labik bihar du neurriak ebazteko bilera

Osasun larrialdia ezartzeko eta COVID ziurtagiria martxan jartzeko bilduko dira. Frantziara sartzeko baldintzak gogortuko dituzte

Osasun ziurtagiri bat, Bilboko ostatu baten atarian. LUIS TEJIDO / EFE.
Edurne Begiristain - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Labik urriaren 5ean egin zuen azken bilera; Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak COVID-19aren ondorioz ezarritako osasun larrialdia bertan behera utzi zuen orduan, eta ez da berriz bilerarik egin. Baina osasun larrialdia berriz ezarriko dutela jakinarazi zuen asteartean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta Labiren bilerarako deia berriz egin du Iñigo Urkullu lehendakariak. Hainbat hedabideren arabera, ostiralean izango da bilera, baina Urkulluk ez zuen baieztatu. Osasun larrialdia ezartzeko eta COVID ziurtagiria martxan jartzeko izango da bilkura. Bertan zehaztuko dutezer neurri murriztaile sartuko diren indarrean osasun larrialdia ezartzearekin batera. Besteak beste, COVID ziurtagiria nola eta noiz ezarriko duten zehaztuko dute.

Pandemiaren aurkako legeak aukera ematen dio Jaurlaritzari birusa hesitzeko hainbat neurri zorrozteko. Edukierak eta talde bilerak mugatzea daude horien artean. Ordea, Jaurlaritzaren eskumenen artean ez dago joan-etorriak mugatzearena, eta, beraz, osasun larrialdia ezarrita ere, Jaurlaritzak ezingo luke ezarri itxiera perimetralik edo etxeratze agindurik. Halako neurriak hartu izan dira aurrez, baina Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren babesean ebazten ziren halakoak.

Osasun larrialdia ezartzeko, Espainiako Auzitegi Gorenean osasun neurrien inguruan lehengo astean jarri zuten helegitearen erantzunaren zain geratuko zirela azaldu zuen Sagarduik astearte eguerdian egin zuen agerraldian, eta Gorenak atzo bertan eman zion oniritzia ziurtagiria ezartzeari. Bidea libre utzi zion, beraz, Jaurlaritzari neurri hori ere ezartzeko.

Estatuen neurriak

Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak iragarri du baldintzak zorroztuko dituztela Frantziako Estatura sartzeko. Batetik, Europako Batasunetik kanpoko herritarrek aurreko 48 orduetan egindako proba negatibo bat beharko dute, txertoa jarria badute ere. Bestalde, azaroaren 29an Frantziako Gobernuak osasun ziurtagiria lortzeko baldintzak zorroztu zituenetik, EB barneko herritarrek, txertorik jarri ez badute, aurreko 24 orduetan egindako proba negatibo bat behar dute Frantziako Estatura sartu ahal izateko. Horiek horrela, txertorik jarri ez duten Hego Euskal Herriko herritarrek 24 orduko proba negatibo bat beharko dute Ipar Euskal Herrira sartzeko —72 ordukoa zen epea, iragan astelehenera arte—. Dena den, Frantziako Gobernuak ez du neurriaren inguruko xehetasunik eman oraingoz, eta litekeena da Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga inguruko herritarrei ez aplikatzea neurria, gisa bereko neurriak ezarri zituztenean hala egin baitzuten.

Omikron aldaeraren inguruan sortu den kezkak eraginda datoz, hein batean, neurri horiek guztiak. Espainiako Gobernuak, adibidez, esan du berrogeialdia bete beharko dutela aldaera horrekin kutsatutakoen gertuko kontaktuek, txertatuta badaude ere; kasu susmagarriei ere betekizun hori bera ezarriko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.