Abusuen testigantza, Madrilera

Elizaren abusuak ikertzeko batzorde bat osatzea adostu dute PSOEk, UPk, ERCk eta EH Bilduk

Unidas Podemos taldeko ordezkariak, abusuen biktima batzuekin, Espainiako Kongresuaren aurrean. EMILIO NARANJO / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Entzunen dituzte. Eskola erlijiosoetan sexu abusuak pairatutako biktimek hitza hartuko dute Espainiako Kongresuan. Egiaren Batzorde independente bat sortuko dute, Espainiako Arartekoak koordinatuta, eta, bertan, Elizaren zentroetan bizi izandako tratu txarrak eta abusuak kontatu ahalko dituzte biktimek. PSOEk eta EAJk asteartean aurkeztu zuten legez besteko proposamena, eta, horren gainean zenbait zuzenketa adostu ostean, egitasmoa babestu zuten atzo Unidas Podemos, ERC eta EH Bildu taldeek. Azkenerako, babes zabala lortu zuen testuak, Vox ez beste talde guztiek alde bozkatu baitzuten.

Negoziazio katramilatu baten ostean heldu zen akordioa. Izan ere, abusuen auziak ika-mika piztua zuen Madrilgo kongresuan. Batzordea sortzeko, bi baldintza nagusi ezarriak zituzten UPk, ERCk eta EH Bilduk: batetik, biktimek aukera izan zezatela beren kasuak Kongresuan azaltzeko; bestetik, batzordeak izan zezala «botere betearazlea», Eliza nolabait «behartu» ahal izateko laguntzera eta informazioa ematera.

PSOEk eta EAJk beste bide batetik jo zuten hasieran: Espainiako Arartekoaren esku utzi nahi zuten abusuen ikerketa, «ikuskizun publikorik gabe eta eztabaida politikotik aldenduta». Proposamen hori kritikatu zuten ezkerreko taldeek, batzordearen helburuak eta biktimen aldarrikapenak «urardotzen» zituela ulertuta.

Bi aldeen arteko ezberdintasunak gainditu ezina zirudien, baina, atzo, zenbait konpromiso adostu zituzten UPk, ERCk eta EH Bilduk PSOErekin, eta aldeko botoa bermatu zuten horrela. «Aurreakordio baten oinarriak jarri ditugu, guk planteatzen genituen zenbait puntu jaso dituztelako akordioan», azaldu zuen Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak. «Besteak beste, biktimek aukera izanen dute Kongresuan agerraldi publikoak egiteko, eta batzordea, oro har, hasieran planteatu zen baino askoz garantistagoa izanen da».

UPko Jaume Asensek eman zituen akordioaren gakoetako batzuk, baina azaldu zuen hitzarmena «erabat itxi gabe» dagoela, eta datozen egunetan emanen dituztela xehetasun gehiago: «Esan dezakeguna da Egiaren Batzorde bat izanen dela eta arau esparru bat izanen duela, eskuduntzak bermatzeko». Zehazki, Eliza behartzeko gaitasuna izanen duela gaineratu zuen UPko diputatuak: «Legez besteko proposamenak, hasieran planteatuta zegoen gisara, kezka eragiten zigun, Arartekoak berez ez duelako eskuduntzarik Eliza ezertara behartzeko. Orain, ez da halakorik gertatuko, batzordeari gaitasun hori aitortuko zaiolako propio, esparru normatibo baten bidez».

Bestalde, biktimen agerraldi publikoen garrantzia nabarmendu zuten hiru taldeek: «Biktimek beraiek eskatzen ziguten adierazpenak publikoki egin ahal izatea, beren prozesu pertsonalen onerako, baina baita gizartean eztabaida pizteko ere urteetan isilduta egon den errealitate honen inguruan», adierazi zuen Pozuetak. ERCko Carolina Telechea i Lozanok, berriz, urrats garrantzitsutzat jo zuen biktimen ahotsa Espainiako Kongresuan entzun ahal izatea.

Jatorrizko proposamena aurkeztu zuten taldeetako bat izanagatik, EAJk uzkur erantzun zion ezkerreko taldeen arteko akordioari: «Ez zait oso normala iruditzen PSOEk eta guk daukagun ituna aurretik egonda beste mota bateko akordioak sinatzen ibiltzea guri ezer esan gabe», esan zuen Aitor Esteban diputatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.