Kalte psikologikoen hazi izaten dira tratu txarrak, adituek esan dutenez

Marian Elizegi auzitegi psikologoak adingabeen aurkako tratu txarrak izan zituen atzo hizpide Bilbon, 'Auzitegi medikuntzaren arreta hobetzeko bidean' jardunaldietan

Auzitegi medikuntzaren jardunaldietako bat, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Asko hitz egiten da emakumeen aurkako indarkeriaz, sexu abusuez... baina adingabeen aurkako tratu txarrak albo batera geratzen dira sarritan. Garrantzitsua da horien berri ematea, aztarna sakona uzten baitute ume horiengan». Arreta hor jarrita jardun zuen atzo Marian Elizegi Gonzalez auzitegi psikologoak, Bilbon. Tratu txarrak ematen dizkieten adingabeen artean «albo kalte ugari» egoten direla azaldu zuen psikologoak. Eta, hain zuzen ere, kalte psikologiko eta emozionalak izaten dira nagusi kasuen %76tan; besteak beste, desgaitasuna, antsietatea, ziurtasunik eza, autoestimu apala eta suizidio ahaleginak.

Azken bi egunetan hainbat gai izan dituzte hizpide auzitegi medikuntzako profesionalek Auzitegi medikuntzaren arreta hobetzeko bidean jardunaldietan. Atzo, tratu txarrei eta indarkeriari buruzko gogoetak plazaratu zituzten zenbait adituk. Auzitegi Medikuntzaren Euskal Erakundearen 20. urteurrenaren harira antolatu dituzte jardunaldiok, eta Elizegik adingabeen aurkako indarkeria izan zuen hizpide. Kasu bakoitza «aparte» aztertu beharrean, garrantzitsua da «ikuspegi global bat» ematea, auzitegi psikologoak azpimarratu zuenez. Eta hori baieztatzeko, 111 adingaberi egindako ikerketaren emaitzak plazaratu zituen.

Salaketak

Bereziki, bi taldetan banatu ditu Elizegik adingabeen aurkako tratu txarrak: etxe barruko indarkeria, batetik, eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren adingabeak, bestetik. Kasu gehienetan, salaketa jarri ondorengo sei hilabeteetan jartzen dira biktimekin harremanetan, baina auzitegi psikologoak nabarmendu du denbora «funtsezkoa» dela arazoei irtenbidea emateko: «Zenbat eta gehiago berandutu, orduan eta handiagoa da biktimizazioa». Nagusiki, amak jartzen du salaketa; aitei eta adingabeei dagokienez, gutxi dira salaketa jartzeko hautua egiten dutenak, %11.

Indarkeria hori, baina, ez da adingabearen kontrakoa bakarrik izaten: «Gazte horiek beste indarkeria kasu batzuen lekuko izaten dira, eta hori oso gogorra da: gertatzen ari dena entzun eta ikusten dute, lekuko zuzenak dira». Ikerketaren arabera, biktima gehienak izan dira noizbait amaren kontrako indarkeriaren lekuko, «irainetatik hasi eta indarkeria fisikoraino».

Gainera, azkenaldian asko handitu da indarkeria bikarioa ere. «Horrelako indarkeriarekin gizatasuna kentzen zaie adingabeei: objektu moduan tratatzen dituzte, amari min emateko», azaldu du Elizegik. Era horretako indarkeria hautematea «oso zaila» dela aitortu du auzitegi psikologoak, eta arreta nagusia testigantzetan jarri behar dela azpimarratu. Bereziki, elkarrizketa kognitiboetan: «Umeak behin baino gehiagotan ez biktimizatzea da helburua, eta gizarte eragile guztiontzat dira baliagarriak».

Elizegiz gainera, Maria Segura auzitegi gizarte langilea eta Ana Hidalgo auzitegi medikua ere izan ziren hitzaldian. Biak indarkeria kasuren bat dagoen bakoitzean duten zereginaz mintzatu ziren, eta Segurak, ondorio nagusi gisa gizarte eragileen arteko elkarlana «ezinbestekoa» dela nabarmendu zuen. Bide beretik, Hidalgok ondorioztatu zuen «ikuspuntu eta ondorio askotarikoak» dakartzala hainbat jakintza alorretako profesionalak lankidetzan aritzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.