Indarkeria matxista

Espetxean sartu dute Santurtziko ustezko erasotzailea

Epaileak giza hilketa delitua leporatu dio akusatuari. Gizonezkoaren bikotekideak zauriak ditu beso batean eta lepoan

Soraluzeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea Elgoibarren, joan den irailean. JON URBE / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Epaileak espetxeratzeko agindu du joan den igande goizean ustez labana batekin bere bikotekidea zauritu zuen gizona. Santurtzin (Bizkaia) gertatu zen, eta emakumeak zauriak zituen lepoan eta beso batean; Gurutzetako ospitalean artatu zuten.

Kalean zegoen polizia patruila bat bikotearen etxera joan zen, eta emakumearekin harremanetan jarri zen. Egiaztapenak egin ostean, Poliziak 37 urteko gizonezkoa atxilotu zuen. Atzo iluntzean pasatu zen epailearen aitzinetik, eta giza hilketa ahalegina egotzi zion hark.

Santurtziko Udalak gertatutakoa gaitzetsi zuen, eta adierazi zuen herrian «ez dutela lekurik edozein pertsonaren nahiaren kontrako horrelako jarrerek».

Atzo eguerdian bost minutuko elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean; bertan egon ziren Aintzane Urkijo alkatea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. «Onartezina da edonoren borondatearen aurkako horrelako ekintzengatik manifestatzen jarraitu behar izatea, kasu honetan bikotekidearen esku dagoen emakume batengatik», adierazi zuen Urkijok. Elgarrestak, berriz, erran zuen elkarretaratzearen helburua zela «eraso basati» hori «kondenatzea eta erantzun publiko bateratua ematea». Baita biktimari «laguntza eta babes guztia eskaintzea ere».

Beatriz Artolazabal Berdintasun Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere gertatutakoa salatu zuen bere sare sozialen bidez: «Ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen, eta are gutxiago hilketa saiakera bat». Gainera, adierazi zuen biktimaren esku daudela Eusko Jaurlaritzaren «baliabide guztiak».

Gipuzkoako erasoa

Irunen (Gipuzkoa), berriz, 86 urteko gizon bat atxilotu zuten joan den larunbatean, bikotekideari erasotzea egotzita. Oraingoz ez dago gizonaren kontrako salaketarik, baina Ertzaintzak ustezko erasotzaile moduan atxilotu du, eta gertatutakoa ikertzen ari da. Irungo Udalak gertatutakoa «gaitzetsi» zuen atzo, eta elkarretaratzea egin zuten eguerdian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpen instituzional bat onartu zuen, non erasoaren «gaitzespen irmoa eta sendoa» adierazten duen. Gainera, biktimari hurbiltasuna erakutsi zion, eta bere esku jarri ditu «behar dituen udal baliabideak». Eider Mendoza bozeramaileak udalak deitutako elkarretaratzean parte hartu zuen, eta honela mintzatu zen gertatutakoaz: «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta pertsonen duintasuna, askatasuna eta osotasun fisikoa errespetatzea eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurkako jokabideek ez dute lekurik gure gizartean, inolako testuingurutan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.