arantxa iraola
Koronabirusa. ANALISIA

Planeta bere biluzean

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Bizitzaren joana egituratzeko asmatutakoak dira jaiegunak, oporrak, ospakizunak. Munduko gizataldeen bizikidetza multzoen izaerak nabarmentzeko eta bereizteko sortuak dira, halaber, herrialdeak banatzen dituzten mugak. Izadian, guztiz argia da hori. Haizea hesituko duen mugarik ez da; enbatak, astean edo jaian, berdin-berdin lehertzen dira. Bada, pandemia batean ere, birus bat nola hedatzen den ulertze aldera, ezinbestekoa da begiak itxi, eta planeta bere biluzean irudikatzea.

Herrialdeen arteko mugak deus ez dira birusarentzat; halakorik ez balego bezala zabaltzen da, eta herrialdeka egiten diren balorazioek eta iragarpenek iraungitze data oso-oso laburra dute askotan. Argi ikusi da iragan hilabeteotan. Adierazpen hanpatuak egin dituzte hainbatetan politikariek, beren herrialdearen egoera ez dela hain txarra izango argudiatu dute, paparra goratuta, eta egoera aski larrietan egon dira handik gutxira. Denboraren joana zedarritzeko konbentzioak, berriz, usu jende pilaketetarako motibo izaten diren heinean, arrisku bat besterik ez dira: errazago eta bizkorrago zabaltzeko modu bat birusarentzat.

Beraz, zinetan garrantzitsua da halako egoeretan bizitzarentzat eta gizartearen bilakaera onarentzat ezinbestekoak diren antolakuntzei erreparatzea, horiek lehenestea eta zaintzea, eta gainerakoak aurreragorako utzi beharko direla argi eta garbi adieraztea. Horiei garrantzirik kendu gabe, horiek gizartean duten tokia onartuta, baina horien gainetik beste balio batzuk goratu behar direla oroitarazita.

Hilabeteak dira pandemia hasi zela, kontzeptu horiek jada oso ondo barneratuta behar lukete, baina oraintxe, berriki, Eguberriak «salbatzeko» ahaleginez jardun dute agintariek, eta konbentzio horien araberako portaerak lehenestera egin dute zenbait herritarrek. Orain ez, orain ez da inor halakorik esaten ausartzen, baina udaberria aurki hasiko da ate joka, oporraldien distira helduko da berriro, eta orduan, txertaketan aurreratuta ere oraindik prebentzio neurriak mantentzera egin beharko dela ia ziurtzat jota, nola jokatuko den ikusi beharko da. Halaber, txertoaren bidez immunizazioa lortu ahala zer-nolako jokabideak gailentzen diren ere ikustekoa izango da.

Aztertzekoa izango da norbanakoek, txertoa hartu ahala, oraindik hartu ez dutenekiko zer-nolako harremanak ehuntzen dituzten; era berean, immunizazioan aurreratuta dauden herrialdeek tasa apalagoetan dauden herrialdeekiko zer jarrera klase duten ere bai. Auzi etiko aski zailei erantzun behar izan zaie iragan hilabeteotan, beste asko atarian daude, eta adi egotea komeni da. Eta erakundeek, bereziki, eredu izan behar dute. Letra larriz nabarmendu behar litzateke hori; txertoa aldez aurretik, ezarritako irizpideen kontra, jartzen duten osasun agintariei buruzko albisteek giroa lohitu besterik ez dute egiten.

Adi egon behar da mundu zabalera begira ere: planeta bakarra baita, harreman joriz eta azkarrez josia. Alde horretatik, txertaketa herrialde orotan egiten dela bermatzea erronka garrantzitsua izango da. Jakin da AEB Ameriketako Estatu Batuek, gobernu berria eratu orduko, erabaki dutela munduan txertoak era «bidezkoan» zabaltzeko OME Osasunaren Mundu Erakundeak abian duen Covax programarekin bat egitea. Hauspoa eman diezaioke egitasmoari, eta pozgarria da. Izan ere, munduan birusa libre dabilen bitartean, zenbait eremutan immunitate tasa handiak lortuta ere, ez da erabateko konponbiderik helduko. Osasun egoerarik kalteberena dutenek sufrituko dute gehien, herrialde txiroenek, baina horren ondoriozko arrakalek mundu osoa kraska dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.