Nafarroan 2015etik pobrezia %8 jaitsi dela nabarmendu du Laparrak

Errenta bermatua jasotzen duten familien kopurua %50 handitu da: 12.839 sendik kobratzen dute

Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordea, atzo, agerraldian. JAGOBA MANTEROLA /FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Nafarroako pobrezia apaldu egin dela eta langabezia tasak behera egin duela adierazten dute gobernuak bildutako azken datuek. Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak balorazio «oso positiboa» egin du agintaldiko hiru urteetan esparru sozialean egindako hobekuntzez. Berriki egindako inkestek adierazi dutenez, pobrezia %7,8 apaldu da; alegia, nafarren %8,3 bizi dira gaur egun egoera horretan. Laparrak azaldu du pobreziak behera egiteko ez dela aski izan hazkunde ekonomikoa, eta politika sozialak «ezinbestekoak» direla garapen hori «gizarte osoak» nabaritu dezan.

Nafarroako Gobernuak politika sozialetarako jarritako aurrekontua %42,67 handitu du agintaldi hasieratik. Eskubide Sozialetako lehendakariordeak azaldu du gizarte arloko politikak hobetzea izan dela hasieratik gobernuaren lehentasuna, eta horri esker lortu dituztela emaitza «kuantitatibo zein kualitatiboak».

Emaitza horren oinarrietako bat lanpostuen sorrera da, Laparraren aburuz. Datuek diotenez, 10.857 langabe gutxiago daude Nafarroan, eta, horri lotuta, Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du: agintaldi hasieratik, 24.268 lagun gehiagok eman dute izena. Laparrak nabarmendu duenez, datuok lan prestakuntzako politiken emaitza ere badira: iaz, %57,4 handitu zen prestakuntza jaso dutenen kopurua, 2015eko datuen aldean.

Lan merkatuari dagokionez, bi errealitate kontrajarri daudela azaldu du Laparrak. Langile batzuek antzeman dute beren egora hobetzen ari dela; aldiz, beste hainbatek lan baldintza txarrekin jarraitzen dute. 2013tik 2017ra, behin betiko kontratazioak %74 handitu badira ere, aldi berean behin-behineko kontratazioak ere gora egin du, neurri txikiagoan bada ere. Datuek agerian uzten duten egoera ikusita, Laparrak beharrezkotzat jo du «lanpostuen kalitatea bermatzeko» lan egitea. Izan ere, aldeak oso handiak dira sektore batzuen eta beste batzuen artean. «Sektore batzuetan egoera asko hobetu da, lanpostu kopuruan eta soldatetan. Beste batzuetan, aldiz, prekaritatea handia da oso», argitu du.

Egonkortasun ekonomiko orokor bat lortzea helburu duen bezala, gizarte bazterketari aurre egitea du erronka Barkosen gobernuak. Horretarako baliabide nagusia errenta bermatua da. 2015etik laguntza hori jasotzen duten familien kopurua %42,5 handitu da; orotara, 12.839 sendik jasotzen dute errenta hori, eta, gainera, zenbatekoaren batezbestekoak ere gora egin du.

Hala ere, 2016an, errenta bermatua onartu zenean, Pobreziaren Kontra Borrokatzeko Sareak salatu zuen gobernuak norbanakoei 655 eurotik 600 eurora murriztu ziela diru saria. Laparrak nabarmendu du hiru urteotan batez besteko errenta bermatua 618 eurotik 676 eurora handitu dela, baina ez du ezer aipatu laguntza jasotzen duten norbanakoen inguruan.

Beste lehentasunetako bat menpekotasun egoeran daudenentzako politika sozialak dira. Menpekotasun egoeran daude elbarritasun fisikoak pairatzen dituztenak, buruko gaixotasunen bat dutenak eta adinduak. Hobekuntza «oso handiak» gertatu dira arlo horretan, Laparraren esanetan. Halako egoeretan artatu diren pertsonen kopurua %50 handitu da agintaldiko hiru urteetan. «Menpekotasun egoera horietan dagoen pertsona orok laguntza horretarako eskubidea bermatzea dugu helburu», azaldu du lehendakariordeak. Gaineratu du hurrengo hilabeteetan zaintzaile profesional bat kontratatzea errazteko laguntza onartzeko asmoa dutela: «Betiere, pertsona bakoitzaren kasua aztertu dugu, bakoitzaren beharrak eta ahalmen ekonomikoak kontuan hartuz».

Etxebizitzak bikoiztu

Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa bikoiztu egin du gobernuak: 55 etxebizitza zeuden lehen, eta 112 orain. Bereziki krisi ekonomikoaren garaiko egoera latzari aurre egin diote neurri horiekin. Etxegabetzeak %70 gutxitu dira 2015etik 2017ra, eta joera hori areagotzen saiatuko dira.

Hiru urteotako balantzea positiboa izanda ere, ezin du lana bukatutzat eman lauko gobernuak. Urte bat baino gutxiago falta da legealdia amaitzeko, eta, hauteskundeen aurretik, asko dago jokoan, Laparrak azpimarratu duenez. «Asko dugu egiteko. Ez gaude, inondik ere, agintaldia bukatutzat ematear. Aurrean duguna giltzarria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.