Iheslarien adina jakiteko eredua salatu du Bizik, itxialdi batekin

Bihar auzia du ginear gazte batek: adingabea dela dio, eta salatu egin du departamenduak. Elkarte ebaluatzailea okupatu du Bizik

Bizi-ko kideak, atzo, Paueko Isard Cos elkartearen egoitza okupatzen. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
M.K. ginearraren kasuak agerian utzi ditu iheslari adingabeen adina zehazteko azterketen itzalguneak. Bizi mugimenduko kideek arduradunei zuzenki adierazi zizkieten atzo itzalgune horiek, Isard Cos elkarte ebaluatzailearen bulegoak okupatuz. Mugimenduak ohartarazi du jokoan dagoela egiturak egiten dituen azterketen «sinesgarritasuna», eta elkarteak aitortu du «akatsa» egin duela M.K.-ren ebaluazioa eginda, ez baitu horretarako «ahalmenik»

Legez, migratzaile adingabeen ardura du administrazioak. Ipar Euskal Herriko haur eta gazteen kasuan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ditu babestu behar. Horretarako, iheslarien kasuan, azterketa baten egitea du lehen betebeharra administrazioak, jakiteko adingabeak diren ala ez, eta zinez bakarrik dauden ala ez. Azterketa hori Paueko Isard Cos elkarteari eskatzen dio departamenduak. Eta horra zergatik Isard Cos elkartearen bulegoak okupatu zituzten Bizi mugimenduko hogei bat kidek atzo. Goiza pasatu zuten. Philippe Ellias Isard Cos elkarteko arduradunarekin telefonoz mintzatu ondotik joan ziren. Zuzendariak aitortu zien akatsa egin zutela M.K. ebaluatuta, kasua epaitegian dagoelako.

Kontua da M.K. bihar pasatuko dela Paueko dei auzitegitik. Haren adina berriz aztertuko dute. Mutikoak hasieratik erran du adingabea dela, baina administrazioak ez du onartu, eta salaketa jarri dio. Mila euroko zigorra eskatu du, adingabea zela deklaratu eta hasieran administrazioak babestu baitzuen. Azterketa egin gabe oraino, Hendaiako PAF Aire eta Mugetako Poliziak heldutzat hartu zuen, hala deklaratu zuelakoan Cadizen (Espainia).

Preso sartu zuten mutikoa. Azkenean, bi asteren buruan askatu zuen Baionako auzitegiak, iheslarien aldeko lana daramaten elkarteen mobilizazioak tarteko zirela. Baina geroztik, hor egon da zalantza. Baionako epaitegiak adierazi zuen ez duela eskumenik gai horri buruz erabakitzeko, eta adingabeen epaileak hartu zuen gaia. Azterketa egiteko eskatu zuen, eta Isard Cos elkarteak egin du bost bat hilabete berantago.

Azterketak iradoki du mutikoa ez dela babesa behar duen adingabea. Iradokitze bera egin zuen departamenduak. Departamenduko arduradunak zenbait elementu gehitu zizkion epaileari eman txostenari, Isard Cosen azterketaz gain, gaztearekin ukan azterketan ez direnak kontrastatu, eta dudazkoak direnak.

«Hutsak eta bitxikeriak»

«Hutsak, bitxikeriak, hala ez diren gauzak, zalantzak sortzen ditu txostenak. Disfuntzionamendu larriek markatzen dute afera. Txosten honen intentzioa ez ote da izan adingabe gisa ez dadin ezagutua izan? Kasu horretan departamendua leku txarrean bailitzateke», adierazi zuen Bizi taldeko kide Jean-Noel Etxeberri Txetx-ek. Adingabea ez zelakoan, presondegian sartu zuten mutikoa, eta orain ondorioztatuko balute adingabea dela, erran nahiko luke adingabe bat sartu zutela helduen kartzela batean, nork eta adingabeak babesteko betebeharra duen administrazio batek.

Mutikoaren kasuari buruz zehazki ez zuen mintzatu nahi izan Annick Trounday departamenduko hautetsiak. Aitortu zuen «hobetzekoa» badagoela: «Baina Europa mailan da landu behar gaia, gero departamenduak behar bezala lagundu ahal izateko».

Paueko zentroan egiten dituzte probak orain, baina Troundayk iragarri du Baionan bertan azterketa zentro bat irekiko dutela hemendik eta zenbait astetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.