Albistea entzun

Bertan behera utzi dute memoria historikoaren herri ekinaldi legegilea

Sustatzaileek diote Jaurlaritzak «baldintzatu» egin duela herri ekinbidea antzeko lege bat iragarriz
Plataformako kideak, atzo Gasteizen eman zuten prentsaurrekoan.
Plataformako kideak, atzo Gasteizen eman zuten prentsaurrekoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Rejado -

2019ko uztailak 25 - Gasteiz

Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak bertan behera utzi du memoria historikoari buruzko herri ekinbide legegilea, behin-behinean. Sinadurak biltzeko prozesuari ekin aurretik uko egin dio, Eusko Jaurlaritzaren jokabideak «baldintzatuta». Plataformak uztailaren 12an erregistratu zuen herri ekinbidea Eusko Legebiltzarrean. Handik bi egunera, ordea, Jaurlaritzak iragarri zuen antzeko lege proiektu bat prestatzen ari zela. Hori dela eta, plataformak erabaki du aurrera ez jarraitzea herri ekinbidearekin, baina legebiltzarreko taldeei eskatu die plataformak prestatutako araudia bultza dezatela Eusko Legebiltzarretik bertatik.

Plataformaren iritziz, ez da «zilegi» herri ekinaldi legegilea sustatzen ari diren bitartean Eusko Jaurlaritzak gauza berbera bultzatzea, «inongo elkarrizketarik gabe». Hala azaldu du plataformako kide Josu Ibargutxik. Are, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzaren asmo hori ez datorrela bat azken urteetan erakutsitako jarrerarekin. «180 graduko jira» eman izana egotzi dio Ibargutxik. «Txalotzen dugu bira hori, baina zalantzak ditugu horren helburuez eta zintzotasunaz».

Ibargutxik «biratzat» jo duen jarrera aldaketa uztailaren 14an agertu zen. Jaurlaritzak iragarri zuen memoria historikoari buruzko lege bat prestatzen ari zela, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez. Are, bertako iturriek jakinarazi zuten lege horren zirriborroa prest egongo zela «aste gutxiren buruan», aditu talde batek landu eta gero. Zirriborroa irailean zabaltzen hasteko asmoa duela azaldu zuten iturri horiek.

Aurka egiteari utzita, sustatu

Atzera begiratu du plataformako eledunak, Jaurlaritzaren jarrera aldaketa irudikatzeko. Hain zuzen, azken bi urteetan gaiari buruzko bi lege proposamen heldu dira legebiltzarrera, eta EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute bietan. Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen lehena, 2017an; EAJk, PSE-EEk eta PPk atzera bota zuten. 2018ko otsailean EH Bilduk beste bat aurkeztu zuen, eta aurrekoaren bide berari segitu zion.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak EH Bilduren proposamena kritikatu zuen, beharrezkoa ez zelakoan, Gogora institutuaren arauekin jada martxan diren proiektuak arautzen zituelakoan. Areago, gaineratu zuen memoria historikorako legetzat jo daitekeela Gogora institutua sortu zuen legea bera. Eusko Jaurlaritzak gaia ikertzeko eskatu zien hainbat adituri. Haiek ondorioztatu zuten memoria historikoari buruzko lege berezi batek alde onak izango lituzkeela, baina ez zuten lehenetsi. Ordea, Jaurlaritza legearen zirriborroa prestatzen hasi zela jakinarazi du orain, plataformak herri ekinbide legegilea aurkeztu eta berehala.

Ibargutxik gogora ekarri du 2019ko otsailean ere EAJ gaiari buruzko lege berezia egitearen aurka agertu zela. Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformako kideak Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean egon ziren orduan, eta lege baten premiaz ohartarazi zuten. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk adostasuna adierazi zieten. EAJk eta PPk, aldiz, ez zuten beharrezkotzat ikusi halako legerik. «Jarrera baikorra adierazi zutenei proposamenaren berri eman genien». Horregatik, plataformaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak orain iragarritako lege proiektua ez da «modu onean eta zintzoan» egin.

Legebiltzar taldeen esku

Azkenik, plataformak eskaera bat egin die aurten legearen alde agertu diren legebiltzar taldeei: herri ekinbide legegilearen testua balia dezatela. «Herri ekinaldi legegilea eztabaidarako oinarria izan behar litzateke, lege osoa, plurala eta eraginkorra izan dadin». Hain zuzen ere, Ibargutxik nabarmendu du «frankismoaren biktimen duintasunak» legez babestuta egon behar duela. «Gainontzeko alderdiekin batera, jeltzaleen asmoa bera bada, alderdikeriak utzita betor Euskal Memoria Historikoaren Lege bat ahal denik eta azkarrena».

Herri ekinbidea bertan behera geratuko dela jakinda, EH Bilduko legebiltzar taldeak iragarri du prest dagoela plataformaren eskaria aintzat hartzeko eta proposamena legebiltzarrean aurkezteko. EAJren jokabidea kritikatu du: «Ekimena kapitalizatzen saiatzen ari da, plataformaren ekinaldi legegileari ateak itxita».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elhadji Ndiaye omentzeko ekitaldia, Iruñeko Arrotxapea auzoan, iaz. ©JESUS DIGES / EFE

ESPALOIAN ITOTAKO BIZITZA

Ion Orzaiz

Duela bost urte, 2016ko urriaren 25ean, Elhadji Ndiaye senegaldarra zendu zen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Iruñean. Atxiloketa bortitz baten ostean konfirmatu zuten hila zela. Poliziaren jokabide arrazisten ondorio dela uste dute Ndiayeren lagunek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
Egonkorrak bilakatu dira Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean Frantziako indar armatuek egiten dituzten kontrolak. ©BOB EDME

Sistemaren belauna lepoan

Oihana Teyseyre Koskarat - Jone Arruabarrena - Ion Orzaiz -Javi West Larrañaga

Migratzaileen aurkako jazarpena fenomeno orokortua da Euskal Herrian. Adituek eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute Poliziak «sistematikoki» erabiltzen duela bortxa pertsona arrazializatuen aurka.
 ©BERRIA

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Maite Asensio Lozano

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.
 ©BERRIA

«Behartu nahi gaituzte Poliziaren aurrean behera begiratzera»

Ion Orzaiz

Modou Faye, 'Beltxa'. Senegal atzean utzita, Iruñera iritsi zen duela urte asko. Paperak ditu orain, Africa United elkarteko burua da, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik libratu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.