Koronabirusa munduan

Brasilek eta AEBek dituzte COVID-19 kasuen herenak baino gehiago

8,5 milioi pertsona inguru kutsatu dira guztira, eta 3,2 milioi bi herrialdeetan. Alemanian mila kasu antzeman dituzte animalia hiltegi batean

Ipar Renania-Westfalian agerraldia gertatu den hiltegiko langileak. F. VOGEL / EFE.
mikel p ansa
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundeak joan den ostiralean iragarri zuen koronabirusaren pandemia fase «berri eta arriskutsu» batean sartzen ari dela; egun bakarrean 180.000 kutsatzeren berri izan zuen erakundeak ostegunean, orain arteko daturik handiena. Geroztiko datuek indartu egin dute kezka hori. Ameriketako argazkiaren zati txiki batek asko esaten du: mundu osoan 8,5 milioi pertsona inguru kutsatu ditu COVID-19ak orain arte, eta horietatik heren bat baino —3,2 milioi— gehiago daude bi herrialdetan, biak Ameriketan: AEBak eta Brasil. Heriotza gehien izan dituzten bi herrialdeak ere badira horiek: 118.000 gaixo hil dira AEBetan, eta 48.000 Brasilen. Mexikoko azkeneko datua ere ez da ona: 20.000 hildako baino gehiago.

Datu horien aurrean, konfinamendua utzi eta ekonomia berriro aktibatzeko neurriak hartzen ari dira herrialde batzuk, eta atzeratzen hasi dira beste batzuk. New Yorken, adibidez, arintzeko fasean urrats bat egin dute, eta krisiaren aldirik okerrenetako bat gainditutzat eman dute. Baina joera ez da orokorra; beste estatu batzuetan bizkortu egin dira kutsatzeak, Kalifornian, Floridan eta Texasen, adibidez; egun bakarrean, 30.000 kasu berri agertu dira horrela herrialde osoan, eta maiatz hasieratik ez zuten horrelako daturik AEBetan. Estatu batzuetan hobera egin duten bezala, beste batzuetan okerra ari dira beraz.

Brasilen, eskualdeetako gobernuek itxialditik ateratzeko urratsak egiten jarraitzen dute, datuak onak ez diren arren. Eta Kolonbian, gobernuak BEZ gabeko eguna izendatu zuen ostirala, salmenta sustatzeko; kutsatuen kopuruari eragingo dion kezka dute. 2.000 inguru gaixo hil dira han. Mexikon, aldiz, hiriburuko agintariek —han ari dira pilatzen kasu gehien— erabaki dute merkatuak, jatetxeak hotelak merkataritza guneak eta halakoak irekitzeko epea atzeratzea. Kutsatuen eta heriotzen kopuruan gorako joera ez du bukatu Mexikok. Ezta Brasilek ere. Han, espero dute uztailean iritsiko direla gailurrera.

Bolivian ere gorantz jarraitzen du kutsatuen eta heriotzen kurbak, itxialdian hiru hilabete daramatzaten arren; 22.000 kasu positibo eta 700 heriotza erregistratu dituzte han. Evo Moralesen MAS mugimenduak gobernuari leporatu dio nazioartetik jasotako laguntzek ez dutela hobetu osasun sistemaren zerbitzua.

Argentinan, konfinamendua aritzeko urratsak egokiak izan ote diren eta atzera egin behar ote duten aztertzen ari dira, batez ere Buenos Airesen. 40.000 kutsatu eta ia 1.000 hildako zenbatu dituzte herrialdean, eta hiriburua da foku nagusietako bat.

Pekingo agerraldia

Bi milioi pertsonari baino gehiago probak egin dizkie Txinako Gobernuak, hiriburuko merkatu batean COVID-19aren agerraldi bat eduki eta gero. Kasu berrien kopurua gutxitu egin dela nabarmendu du gobernuak; ostiralean 22 gaixo berri antzeman zituzten, bezperan baino hiru gutxiago. Ekainaren 11n hasi zen agerraldia, eta ordutik 205 kasu agertu dira.

Alemanian, bitartean, animalien hiltegi batean lan egiten duten 1.029 langileri antzeman diete gaitza —7.000 langile baino gehiago ditu hiltegiak—. Erresuma Batuan ere, janaria prozesatzen duten lantegi batzuetan gertatu dira agerraldiak azkeneko astean. Londresek eta Berlinek ez dute konfinamendua arintzeko urratsetan atzera egiteko asmorik, halere. Erresuma Batuan, uztailaren 4an espero dute taberna eta jatetxeak irekitzea. 42.000 hildako baino gehiago badituzte han.

Schengen eremuan jarritako murrizketak arintzen ere jarraitzen dute Europako estatuek. Aste honetan iritsi dira aurreneko turista alemaniarrak Espainiara eta Herrialde Katalanetara, eta Venezia ere hasi da turistak hartzen, nahiz eta Italian azkeneko egunetan hildakoen eta kutsatzeen datuetan gorakada txiki bat izan duten. 34.000 hildako baino gehiago izan dira herrialdean.

Kataluniako Gobernuak, berriz, kezka agertu du, 15 eta 29 urte arteko gazteen kutsatze mailak gora egin duelako maiatzaz geroztik. Zehaztu du, halere, kutsatze tasa txikia dela oraingoz: 100.000 biztanleko, 5,8 gazte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.