Koronabirusa

Osakidetzako langileek osasun politikak aldatzeko eskatu dute

Langileak protestan, atzo, Txagorritxuko ospitalean (Gasteiz). RAUL BOGAJO / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Osasun politikak «errotik eta berehala» aldatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Osakidetzako langileak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat erietxe eta osasun zentroren aurrean bildu ziren atzo, eta agerian jarri nahi izan zuten zerbitzu publikoen garrantzia, bereziki osasungintza rena, «bizi aseguru kolektibo bat delako, denon onerako indartu eta garatu behar duguna».

Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egin zuten deialdia. Salatu zutenez, «egungo egoera Jaurlaritzaren murrizketa politikaren ondorioa da, egoera ekonomikoa ona zenean ere osasungintzara bideratutako aurrekontuak oso eskasak izan zirelako». Besteak beste, Osakidetzarako diru sailak Europako Batasuneko batezbestekoaren parekoak izatea eskatu zuten, eta lantaldea handitzea, «iruzurrezko kontratazioak egiturazko lantaldean txertatuz».

Bilbon, Basurtuko ospitalearen aurrean, Arantza Arias sindikatuen bozeramaileak hartu zuen hitza: «Osakidetzak bakarrik utzi gaitu, eta beharginen esfortzuari esker soilik egin ahal izan diogu aurre pandemiari». Ariasen arabera, osasun zerbitzu publikoko langileek lan egin dute «behar besteko babes neurririk gabe, lan karga onartezinekin, eta pertsonal eta baliabide urriekin».

Sindikatuek esan zutenez, horren emaitza izan da «lantalde ahitu bat, hildako lankide bat, eta kutsatutako 2.000 profesional baino gehiago».

Irakaskuntzako protokoloa

Nafarroako irakaskuntzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek kritikatu egin zuten, atzo, Nafarroako Gobernuak datorren ikasturterako aurkeztu duen prebentzio eta antolaketa protokoloaren zirriborroa. Haien iritziz, «ez dio erantzun nahikoa eta egokia ematen ikasgeletara modu seguru eta eraginkorrean itzultzeko erronkari», eta negoziazio foro bat sortzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.