Greba egun bat egitera deitu dituzte Aita Menniko zentroetako langileak

Hilaren 14rako da deia; enpresak lan ituna «negoziatzeko» prozesuan aurrera egitea da helburua

Aita Menni erietxearen ataria, Arrasaten. JUANAN RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Aita Menni ospitaleko langileak eta enpresa bereko beste hainbat zentrotakoak, 500 bat langile denera, grebara deituta daude; urriaren 14rako eginda dago deia, lantaldeko hainbat ordezkarik ELA sindikatuaren Donostiako egoitzan atzo jakinarazi zutenez. Mobilizazio nagusiak Arrasaten (Gipuzkoa) egingo dituzte, hantxe baitago erietxea.

Buruko osasuneko eta desgaitasunen alorreko zentroak batzen ditu Aita Mennik, Gipuzkoan. Langileek adierazi zuten bi urte daramatzatela lan ituna negoziatzen, baina jarrera uzkurra duela enpresak. «Ez du inola ere gure lan baldintzei buruz hitz egin nahi», salatu zuten: «Aldez aurretik adostutako edukiak boikotatzen ditu, langileon negoziazio eskubidea urratuz. Hau ez dugu inola ere onartuko». Janire Diazek eta Txema Kortabarriak hartu zuten hitza langileen izenean.

Gogorarazi zuten, berez, «irabazi asmorik gabeko» enpresa dela Aita Menni, «finantzaketa publikoa» duela, eta urtean milioi bat euroren irabazi garbiak dituela; horiek horrela, langileen soldatak %7 igotzeko ahalmena baduela uste dute, baina borondaterik ez dagoela horretarako: «Negozio aparta bihurtu dute osasuna». Arbuiagarria deritzote jarrera horri: «Aita Menniren filosofia omen da pertsonen ongizatea eta errespetua erdigunean jartzea. Hemendik zuzendaritzari galdera zuzen bat egin nahi diogu: langileek zer toki dute hainbeste aldarrikatzen duzuen filosofia horretan?».

Esan zuten enpresarekin konpontzeko ahaleginek ez dutela fruiturik eman orain arte, eta horregatik hautatu dutela grebaren bidea. «2017tik ez daukagu soldata hobekuntzarik, eta langile publikoen soldatetatik oso urrun gaude», deitoratu zuten. Bestelako zailtasunen berri ere eman zuten: «Kontratazioan ere sekulako arazoak daude. Postuak ez dira betetzen, aldi baterako langileei ez diete uzten oporrak hartzen, eta lan kargak sekulakoak dira». Enpresari bakarrik ez, erakundeei ere mintzatu zitzaizkien langileak, kritiko. Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak enpresaren «finantzaketa publikoan» parte hartzen dutela gogoratu zuten, eta, hein batean, enpresak sustatu duen «negozio» ereduaren «konplizeak» direla deitoratu zuten. Bereziki gaitzetsi zuten kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera. «Negozio perfektua da, eta Gipuzkoako Diputazioaren onespenarekin ari dira».

Izurriarekin, zailagoa

Pandemiarekin, gainera, egoerak okerrera egin duela adierazi zuten. «Lehen, lan karga handiak genituen, eta orain, zama bikoiztu egin da, eta ez da langile gehiago kontratatu», salatu zuten.Adierazi zuten enpresak ez dituela betetzen oinarrizko segurtasun neurriak ere, eta jarduteko era horren etsenpluak eman zituzten: «Oporretatik itzulitako langileei ez diete PCR probarik egin hasieratik, Arrasateko erietxean gaitzaren agerraldi bat baino gehiago egon direla jakinda ere». Izurriak ekarritako arazo horiez aparte ere, oroitarazi zuten beren eguneroko martxan egoera «kalteberan» dauden pazienteekin dihardutela, «muturreko egoerak» ere izaten dituzte zenbaitetan; horiek horrela, langileen «segurtasuna» bermatzeko neurriak ere beren aldarrien lehen lerroan daudela esan zuten.

Beren borrokaren muinean «kalitatezko asistentzia» bermatzea dagoela adierazi zuten, eta atxikimendua eskatu zioten gizarteari: «Txaloetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.