Bildarratzek 3.200 postuko lan eskaintza iragarri du

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak urtero lan eskaintza publiko bat egin nahi du. Legealdiko helburu nagusiak zehaztu dituzte

Hezkuntzako lan eskaintza publikoa, 2018an. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Hurrengo lau urteetarako ildoak azaldu zituen atzo Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordean: esaterako, irakasleen egonkortasuna bermatzea, inbertsioak areagotzea eta Lanbide Heziketa duala indartzea. Hona gakoak:

Inbertsioak

Datozen lau urteetarako inbertsioen berri eman zuen Bildarratzek. Garrantzitsuenetakoa irakasleen kontratazioa izango da: datozen urteetan belaunaldi aldaketa handia izango da urtero, eta lan eskaintza publiko bat egin nahi du Jaurlaritzak: lau urtean 3.200 lanpostu. Ikasleen beketarako ehun milioi jarriko dituzte, eta ikastetxeetan inbertsioak egiteko 300 milioi izango dira.

Digitalizazioa

Digitalizazioari lotutako helburu irmo bat ezarri du Jaurlaritzak: ikastetxe guztiek digitalizazio plana edukitzea indarrean.

Hezkuntza legea

Hezkuntza legea aurrera ateratzea da legegintzaldiko gai zentraletako bat. Bildarratzen iritziz, elkarrizketak eta «konpromiso partekatuak» hezkuntzako aurrerapenen oinarri izan behar dute: «Hori da, besteak beste, datozen urteetan hezkuntzako euskal lege berri bat bultzatzeko oinarria». Aurreko agintaldian zuten proposamena aurkeztekoa, baina oraindik ez dute argitaratu. Bildarratzek dio legeak etorkizuneko «erronka handiei» erantzungo diela, eta «egonkortasuna eta kalitatea» ekarriko duela.

Euskara

Bildarratzek esan zuen euskara oinarri izango duen sistema eleaniztun batera jo nahi duela. EH Bilduk nabarmendu zuen garaia dela hizkuntza ereduak gainditu, eta murgiltze eredua sustatzeko.

Haurreskolak Partzuergoa

Bildarratzek onartu zuen Haurreskolak Partzuergoak «funtsezko» zerbitzua eskaintzen diela familiei, baina ez zuen doakotasuna aipatu. Hain zuzen, horixe eskatuzioten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Lanbide Heziketa

Konpromiso bat ere hartu zuen Hezkuntza Sailak: Lanbide Heziketako euskal plana diseinatzea eta garatzea. Lanbide Heziketa duala ere—ikasleek lana eta ikasketak uztartzen dituzte— bultzatu nahi dute, eta arlo industrialetan ari diren ikasleen erdiek hori aukeratzea nahi dute. Euskarari lotutako asmo zehatzak ere jakinarazi zituen: euskaraz ikastea ikastetxe publikoetako ikasleen %60k eta itunpeko sarekoen %55ek.

Unibertsitatea

Hezkuntzak «bikaintasunean, espezializazioan, nazioartekotzean eta talentuan» jarri nahi du arreta. Horretarako, hainbat konpromiso hartu ditu; esaterako, ikerketako, garapeneko eta berrikuntzako inbertsioak urtean batez beste %6 igotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.