Cabacasen auziko kondenatuak ez du zigorra bete beharko

Bizkaiko Auzitegiaren ebazpenaren arabera, behin-behinean bi urtez indargabetuko dute ertzain bati ezarritako bi urteko espetxe zigorra

Cabacas auzian justizia eskatzeko Bilbon 2018ko abenduan egindako manifestazio bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea leporatuta kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren betearazpena. Atzo kaleratutako ebazpenaren arabera, bi urteko espetxe zigorra gauzatuko dute, soilik, Juan Jose de Pablo kondenatuak legea hausten baldin badu bi urteko epe horretan.

Auzitegi horrek ebatzi zuen, 2018ko azaroan —sei ertzain epaitu zituzten—, bi urteko kartzela zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezartzea De Pablori. Espainiako Auzitegi Gorenak zigor hori berretsi zuen joan den urtarrilean, «zuhurtziagabekeria profesional larriko giza hilketa» egotzita. Zigor salak baztertu egin zituen Cabacasen defentsak jarritako helegite guztiak. Hildakoaren senideek orduan adierazi zutenez, «jipoituta eta umiliatuta» sentitzen ziren. Jone Goirizelaia abokatuak iragarri zuen NBE Nazio Batuen Erakundera joko duela sendiak, «justizia bila».

Bizkaiko Auzitegiak hiru arrazoi eman ditu zigorra ez betearazteko. Batetik, nahiz eta aitortu zigortuaren —mailarik handieneko agentea zen— jarrerak izandako ondorioen larritasuna, gogoratu du «zuhurtziagabekeriazko hilketa» leporatuta zigortu zutela, ez dolozko delitua egotzita. «Horrek erlatibizatu egiten du jarrera kriminalaren intentsitatea», nabarmendu du autoan Reyes Goenaga Olaizola magistratuak, auzitegiaren lehen sekzioko presidenteak. Bestetik, zigortutako ertzainaren «zirkunstantzia pertsonalei» erreparatu die zigorraren gauzatzea bertan behera uzteko. Epaileak zehaztu du duela gutxi hil dela De Pabloren emaztea, eta seme bat duela. Zirkunstantzia horiek «bereziki zaila» bilakatuko lukete ertzainaren kartzelatzea. Eta hirugarren motiboa da polizia gisa egin duen «ibilbidea»; hau da, haren ibilbidean ez dagoela jasota zigortua izatera eraman zutenaren «antzeko egoerarik», eta zigor aurrekaririk ez duela.

«Horiek guztiak» kontuan hartuta, Bizkaiko Auzitegiko lehen sekzioak uste du ez dela «beharrezkoa» zigorra betearaztea zigortuak etorkizunean delitu gehiago egitea «saiheste aldera». Cabacasen abokatuek helegitea jartzeko aukera dute, baina, Naiz agerkari digitalak argitaratu duenez, ez dute alegaziorik jarriko, argudiatuta badirela zigortua kartzelatua ez izateko lege zirkunstantziak.

Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo ostean hil zen Iñigo Cabacas. 2012ko apirilaren 5ean, Athleticek Alemaniako Schalke 04 taldearen aurka lortutako garaipena ospatzen ari ziren zaleei oldartu zitzaien Ertzaintza, Bilbon. Gomazko pilota batek buruan jo zuen Cabacas. Handik lau egunera hil zen, pilotakadak eragindako lesioen eraginez.

EH Bildu eta «inpunitatea»

EH Bilduko Julen Arzuagak salatu du koalizio independentistak «beti» esan izan duela Cabacasen auzia «inpunitate osoz» amaituko zela, «hilketaren estalketarekin eta egileei erabateko babesa emanez». Eusko Legebiltzarreko parlamentariak ohar batean nabarmendu du «beti oso nabaria» izan dela Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren «jarrera», eta haren asmoa izan dela ez ikertzea, «gertaera argitzeko edozein ekimen oztopatzea».

Elkartasuna adierazi die Cabacasen senideei, eta adierazi Bizkaiko Auzitegiak atzo jakinarazitakoa «aldez aurretik iragarritako kronika bat» zela.

EP Elkarrekin Podemosek ere elkartasuna adierazi die senideei, eta azpimarratu autoak «injustizia sentsazio argi bat» uzten duela agerian. Ohar batean salatu du Jaurlaritzaren jarrera izan dela «justizia bera oztopatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.