ELA: «Pentsioen erreformaren inguruko isiltasuna beldurgarria da»

Murrizketarik ez onartzeko eskatu die EAJri, EH Bilduri eta Podemosi: «Haien esku dago»

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak egin asmo duen pentsioen erreformarako zuzenketak aurkezteko epea etzi amaituko da, eta EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zein aurkeztuko dituzten jakin nahi du ELA sindikatuak. Asmo horrekin, bilera bana eskatu die hiru alderdiei, bereziki erreformari marra gorriren bat jarri dioten jakiteko. Izan ere, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, haien esku dago «murrizketak» geldiaraztea: «Kongresuko aritmetika ikusi baino ez dago: haiek gabe ezin da erreforma onartu».

ELA ez dago Madrilgo negoziazio mahaian, baina Lakuntzak grafikoki azaldu du haren inguruan dakitena: «Iristen ari zaigunak ez du itxura onik». Espainiako Gobernuak bilerak hasi ditu berriz CEOE enpresarien elkartearekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin. Pentsioen erreformaren bigarren atala eztabaidatzen ari dira, eta bertan zehaztuko da, besteak beste, jasangarritasun faktorea delakoa ordezkatuko duen doikuntza sistema. Urtea amaitu aurretik adostu behar dute erreforma egitasmoa, eta ondoren Espainiako Kongresuan bozkatuko dute hura onartu ala ez. ELAk hor ikusten du «murrizketak» oztopatzeko abagunea.

Eta horregatik jakin nahi du zein den alderdien jarrera. Izan ere, gaiaren inguruan dagoen «isiltasuna» beldurgarria dela iritzi dio: «Jose Luis Escrivak [Espainia Gizarte Segurantza ministroak] zer nahi duen argi dago: gehiago lan egin edo gutxiago kobratu. Orain alderdiek zer asmo duten jakin nahi dugu». Bilera eskaerak iragan astean egin zituen, eta ez du ezezkorik jaso. Kasu honetan, Elkarrekin Podemosek ardura handiagoa du, Espainiako Gobernuko koalizioko kide baita, eta Lakuntzak gogoratu dio murrizketarik ez zutela onartuko iragarri zuela.

Eztabaida gero iritsiko da, erreforman onarturiko neurriak murrizketatzat jo daitezkeen ala ez epaitzean. Alde horretatik, ELAk argi du lehen fasean onarturiko hainbat erabaki murrizketak direla. Besteak beste, Belaunaldi Arteko Ekitate Mekanismoa ezartzea etorkizunean pentsioak murrizteko «txeke zuri bat» ematea dela uste du, eta erretiro aurreratuak gogor zigortu direla. Horren aurrean, sindikatuak ezagunak diren bere eskaerak jarri ditu mahai gainean. Tartean daude 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, iraunkortasun faktorea eta haren ordezko mekanismoak indargabetzea eta ahalmen legegile osoa Euskal Herrira ekartzea.

Norabide horretan mobilizatzeko prest dago ELA, eta Lakuntzak berriz ere hauspotu du hurrengo hilabeteetan greba orokor bat deitzeko aukera. Abenduan izan daitekeela dirudi, Espainiak urte amaiera arteko epea baitu lan eta pentsioen erreforma egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.