Koronabirusa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan LHkoek patioan maskararekin segituko dute

DBHkoek eta Batxilergokoek aukera izango dute patioan maskara kentzeko, tartea mantenduta

Ikasleak Donostiako ikastetxe batera sartzen, ikasturte hasieran. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain - Irati Urdalleta Lete
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrez aurreko hezkuntza antolatzeko protokolo berria bidali du ikastetxeetara, eta COVID-19aren aurkako neurri gutxi batzuk malgutu ditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan izango dira aldaketarik handienak: ikasleek aire zabalean maskara kentzeko aukera izango dute, metro eta erdiko distantziara badaude. Maskara ez da beharrezkoa izango kanpoaldean «jarduera fisiko bizia» egiten dutenean, ezta jaten edo edaten ari direnean ere. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, ordea, aldaketarik ez alor horretan: patioan ere maskara erabiltzen jarraitu beharko dute. Hezkuntza sailburuak esan duenez, astelehenetik aurrera egongo dira indarrean neurri berriak.

LH Lehen Hezkuntzan, burbuila edo bizikidetza talde egonkorretan egongo da aldaketa nagusia. Ikasgelan daudenean, mantendu egin beharko dituzte; ez, ordea, aire zabalean daudenean: maila bereko ikasleen artean harremanak edukitzea baimendu dute. Orain arte burbuilako kideekin soilik elkar zitezkeen. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ikasturte honetan aukera eman zuen ikasgeletan lau edo bost ikasleko taldeak osatzeko, kideen artean distantziarik eduki gabe, baina taldeen artean metro eta erdiko tartea mantenduz; orain, 1,2 metroko distantzia eduki beharko dute talde batetik bestera.

Maskararen erabilerari dagokionez, ez da aldaketarik egongo LHko ikasleentzat: 6 urte baino gehiago dituzten ikasleek une oro jantzita eduki beharko dute, hamaiketakoa egiten ari diren momentuan izan ezik. Hau da, orain arte bezala, maskararekin egin beharko dute Gorputz Hezkuntza, eta jantzita eduki beharko dute patioan ere.

DBHko eta Batxilergoko ikasleentzako aldaketa nagusia maskararen erabilera malgutzea izango da: aire zabaleko jolasetan eta jardueretan nahitaez erabili beharko dute, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatzen ez bada; hau da, tartea mantentzen dutenean soilik izango dute kentzeko aukera. Ez da beharrezkoa izango kanpoaldean «jarduera fisiko bizia» egiten dutenean, ezta jaten edo edaten ari direnean ere.

Ikasleentzat ez ezik, astelehenetik aurrera aldaketak egongo dira gurasoentzat ere: oro har, familien eta irakasleen arteko bilera guztiak aurrez aurre egingo dituzte, COVID-19aren aurkako neurriak hartuta.

Eragileak ez daude ados

Hezkuntza Sailaren protokolo berriak haserrea eragin du haurren eskubideen aldeko eragileen artean. Oinherri herri hezitzaileko kideen iritziz, «etsigarria» eta «ulertezina» da Lehen Hezkuntzako haurrek maskara jantzita eraman behar izatea patioan daudenean. «Suminduta» mintzatu zaio BERRIAri Txusma Azkona kidea: «Neurri batzuk malgutu behar dira haurrak egoera normalizatu batean bizi daitezen». Haurren eskubideen aurkako erabakia dela salatu du Azkonak.

Steilas sindikatua ere ez dago konforme. Hezkuntza komunitateari «inolako jaramonik egin gabe» ondutako protokoloa dela salatu dute: «Berriz ere, Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartutako neurri tamalgarri hauek ez dute ikastetxeetako egoera batere aldatuko». Protokoloa berriz aztertzea eskatu dute, ikasleek aire zabalean maskara kentzeko aukera izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.