Bergarako Udalak kezka agertu du paper hondakinen lantegia dela eta

Valogreene enpresak hainbat gorabehera izan ditu orain arte aurkeztutako eskaeretan. Herritarrek eta eragileek kezka adierazi dute

Aitor Aranzabal, Ainhoa Lete, Gorka Artola eta Kristina Markina, atzoko prentsaurrekoan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jone arruabarrena
Bergara
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Valogreene Paper BCSM enpresak ez ditu Bergarako (Gipuzkoa) Larramendi industrialdean kokatzeko baldintzak betetzen, oraingoz behintzat. Informazioa bildu eta lantegiak izango lukeen eragina aztertu ondoren, hori da Bergarako Udalak plazaratu duen ondorioa, atzo eman zuen prentsaurrekoan.

Aipatutako enpresak paper industriak sortzen dituen hondakinak kudeatzen ditu. Proiektu berriak zerikusi zuzena dauka Zaldibarko zabortegia amiltzearekin. Izan ere, 2020ko otsailean zabortegia malkartu arte, papera ekoizten duten enpresek hara eramaten zituzten hondakinak. Orain ez daukate hondakin horiek kudeatuko dituen lekurik, eta horregatik egin zuen Valogreene Paper SM enpresak bere lantegia Bergaran zabaltzeko proposamena, paper industriak bultzatuta.

Uztailaren 7an Bergarako udal arkitektoak sinatu zuen txostenaren arabera, aurreikusitako instalazioaren funtzioa bateragarria da herriko industria jarduerarekin, eta atzoko prentsaurrekoan ere hori baieztatu zuen Gorka Artola alkateak: «Aipatu bezala, Valogreene enpresak Larramendi industrialdean jarduera ezartzeko egin zuen eskaera bateragarria da Bergarako arautegiarekin, eta, ondorioz, udalak baimena eman behar izan dio».

Hala ere, azken hilabeteotan herritarren eta eragile ekologisten susmoak piztu dituen zenbait gertakari izan dira hondakinak kudeatzeko lantegiaren inguruan. Batetik, enpresak aipatutako txostena lortzeko eskaera egin zuenean ez zuen zehaztu proiektuaren benetako asmoa, eta kare ekoizpenerako enpresa bat izango zela esan zuen. Horrez gain, enpresak Jaurlaritzari Ingurumen Baimen Bateratuaren tramitazioa hasteko egindako eskaera aurkeztu zionean, «hondakinez-arriskutsuetarako jarduera» gisa deskribatu zuen enpresak egiten zuen lana.

Gertatutakoa ikusita, Artolak azaldu du kezka zabaldu dela, eta, beraz, udalak uztailean argitaratu zuen txostena berrikusteko erabakia hartu duela: «Hainbat eragilek ere alegazio bidez horren inguruko aipamena egin digute, eta udalak igorritako hirigintza bateragarritasun txostena berrikusteko eskatu digute. Hori berrikusten ari gara, Bergarako arau urbanistikoetara egokitzen den edo ez ziurtatzeko». Gaineratu du proiektuaren berri izan bezain pronto udal gobernuaren helburua «ahalik eta informazio gehien» eskuratzea izan dela, «fidagarria» eta «inpartziala».

Horretarako, Bartzelonako Fichtner enpresara jo du udalak; ingeniaritza eta aholkularitza zerbitzuak ematen ditu, eta txosten bat egin die lantegia Bergaran ezartzeak izan litzakeen ondorio teknikoak eta juridikoak azalduz.

Fichtner enpresak aurkeztutako txostena aztertu ondoren, Ainhoa Lete Bergarako alkateordeak adierazi du «hainbat zalantza tekniko eta juridiko» sortu zaizkiola udal taldeari, eta zalantza horiek Jaurlaritzako Ingurumen Sailari helarazi dizkiola. Izan ere, esan dute enpresa herrian kokatzekotan, «berme batzuk» behar dituela udalak. «Nahi dugu gure herrian enpresa berriak sortzea, kanpotik etorritakoak bertan ezarri eta errotzea... Baina ez dugu nahi edozer gauza».

Eragin horiez gain, beste bat ere gaineratu du udalak: «Baldintza hauetan enpresa hau Larramendiko industrialdean ezartzeak beste enpresa batzuk uxatuko dituen konfirmazioa daukagu. Ehunka lanpostu daude kolokan epe motzean». Gehitu du lantegia Bergarara ekartzeak herriaren «garapen ekonomikoa» ere erabat baldintzatu dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.