'Gure auzoan bizi nahi dugu' kanpaina abiatu du ELAk

Etxebizitzaren arazoari buruzko txosten bat egin du. Salatu du auzia ez dagoela Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren agendetan

Mitxel Lakuntza hizketan, ondoan Aitor Murgia eta Leire Gallego dituela, atzo, Billbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
ELAren Ikerketa Bulegoak Etxebizitzaren arazoa Hego Euskal Herrian: diagnostikoak eta alternatibak izeneko txostena plazaratu du, etxebizitzaren auzia zertan den azaltzeko, eta kanpaina bat abiatuko du txostenean agertzen diren ondorioak gizarteratu eta alor horretan lan egiten duten eragile sozialekin elkarlanean aritzeko. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak esan duenez, etxebizitzarena «arazo larria» da, «gobernuen agendan ez dagoen arren».

Ikerketa Bulegoko kide Aitor Murgiak azaldu ditu txostenaren edukiak. Esan duenez, Hego Euskal Herrian alokatzeko eta erosteko eskaintzen diren etxebizitzak garestiak dira: alokairuaren batez besteko errenta mila eurotik gorakoa da, eta salerosketako etxebizitzaren prezioa 3.000 eurotik gorakoa metro koadroko.

Hala ere, badaude hutsik dauden etxebizitzak, eta horiek 80.000 baino gehiago dira Hego Euskal Herrian. Kaleratzeek ere ez dute etenik izan: 2013tik, 12.500 inguru izan dira.

Turistifikazioa ere aztertu dute txostenean. Murgiak esan duenez, enpresa eta funts handiek etxeak eskuratzen dituzte gero turistentzako merkatuan eskaintzeko, eta horrek alokairuen prezioa garestitu eta gentrifikazioa bultzatzen du, herritarrei euren auzoan bizi ahal izatea galarazten baitie.

Murgiak gogorarazi du gizartean dauden beste arrakala batzuek isla dutela etxebizitzaren arloan ere: emakumeek arazoaren ondorio are larriagoak pairatzen dituzte, gazteak emantzipatzeko aukerarik gabe lotzen dira, eta migratzaileek eta pertsona arrazializatuek arazo handiagoak dituzte etxebizitza topatzeko.

ELAren proposamenak

ELAren Gizarte Ekintzako arduradun Leire Gallegok azaldu ditu arazo horien inguruan sindikatuak proposatzen dituen irtenbideak: etxebizitza eskubidea legez bermatzea diru laguntza batekin ordezkatu gabe, alokairua bultzatzea jabetzan oinarritutako ereduaren ordez, alokairuen prezioak mugatzea, hutsik dauden etxeen gaineko kanonak zorroztea, etxegabetzeak geldiaraztea, turismoko etxebizitzak mugatu eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPG barne produktu gordinaren %2ra igotzea.

Etxebizitzaren arazoari buruzko kanpaina bat abiaraziko du ELAk datozen hilabeteetan. Somos exquisitas. Gure auzoan bizi nahi dugu izango da kanpaina horren leloa, eta, Gallegok azaldu duenez, Donostiako alkate Eneko Goiak elkarrizketa batean egindako adierazpenak dauzka oinarritzat. Orduan, Goiak esan zuen norbera jaiotako auzoan bizitza osoan bizi nahi izatea «mokofin samarra» izatea zela.

Lakuntzak azaldu du ELAk prekarizazioaz hitz egiten duenean lan prekaritateaz ez ezik prekaritate sozialaz ere ari dela, eta sindikatu baten betebeharra dela «oinarrizko eskubideen alde borrokatzea». Horregatik erabaki dute etxebizitzaren inguruko kanpainari ekitea.

«Etxebizitzarena espekulazioan oinarritutako politika bat izan da; eskaeraren eta eskaintzaren aitzakiarekin, ez zaio mugarik jarri espekulazioari», esan du, eta erantsi du «erakunde publikoen inbertsio eskasa» dela etxebizitza arloko politiken beste ezaugarri nagusia. Etxebizitza ere hezkuntza eta osasungintza bezalako eskubidetzat jotzea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.