Ziburuko ikastolaren kontratua ez zela argia salatu du defentsak

Ziburuko ikastolako kideak eta haien abokatua, atzo, Baionako epaitegian.
Ziburuko ikastolako kideak eta haien abokatua, atzo, Baionako epaitegian. SYLVAIN SENCRISTO

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko abuztuak 13
Baionako Auzitegian iragan da Ziburuko (Lapurdi) ikastolaren aurkako epaiketa. Ikastolaren defentsak adierazi du ez dagoela eraikinetik ateratzeko eguna zehazten duen idatzirik. Kaxkarotenia ikastolako eta Seaskako ordezkariek Ziburuko Herriko Etxearen jarrera salatu, eta kezka adierazi dute heldu den ikasturterako izena eman duten hamabi haurrengatik. Epaileak bihar emanen du auziaren deliberoa.

Epaiketan zehar, atzo, behin eta berriro aipatu zuten Ziburuko Herriko Etxeak eta ikastolak izenpetutako hitzarmena. Herriko etxearen abokatuak erran zuen uztailaren 5era bitarte zutela eskola publikoaren eraikina erabiltzeko baimena eta, beraz, kanpoan behar zutela jada. Ziburuko ikastolaren defentsak, ordea, adierazi zuen ez zela argia herriko etxearekin adostutako kontratua. Izan ere, kontratuan idatzia dago hurrengo ikasturterako luzatzeko «aukera» dagoela. Herriko etxeak, hortaz, zehaztu beharko zukeen ez zuela hitzarmena luzatzeko asmorik. Gainera, kanporatze agindurik ere ez zuen jaso ikastolak. Halakorik jakinarazi ezean, bederatzi urterako eraikina erabiltzeko baimena luke ikastolak.

Epaiketan aipatu duten bertze gaietako bat haur eskola izan da. Hain zuzen, Ziburuko auzapezak ikastolari hitzemana zion haur eskola bat eraikiko zuela, eta ikastola han kokatzen ahalko zela. Herriko etxearen abokatuak, alta, argudiatu du ikastolak ez duela zehaztu zein izanen diren haren beharrak haur eskola horretan, eta horregatik ez dutela eraiki. Laida Mugika Ziburuko ikastolako lehendakariak salatu du herriko etxeak «gezurra» erran duela puntu horren inguruan.

Piarres Larzabal kolegioa erabiltzeko proposamena ere izan dute aipagai. Herriko etxeak uste du eraikin hori erabil dezakeela ikastolak, baina ikastolari ez zaio egokia iruditzen, lekurik ez izateaz gain, 3 eta 6 urte bitarteko haurrak ezin direlako 11 eta 14 urte bitartekoekin egon, ikastolaren ustez.

«Kontratu morala» kolokan

Seaskako eta Ziburuko ikastolako kideek auzia egitea bera kritikatu dute. Mugikak erran du abokatuaren argudioa «ona» izan dela, eta esperantza dutela epaia haien aldekoa izan dadin. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, berriz, adierazi du epaiketan kontratu tekniko batez eztabaidatu duten arren, «kontratu moral bat» dagoela auzitan. Horrekin azaldu nahi izan du herriko etxeak ez duela bete hitzemandakoa, eta gaineratu du Guy Poulou auzapezak «ate guziak hetsi» dizkiela .

Epaiketa irailerako hilabete eskas falta denean egitea ere gaitzetsi dute. Hamabi haurrek dute izena emana heldu den ikasturterako, eta herriko etxearen trabarik egon ez balitz hogei edo 21 izanen liratekeela jakinarazi du ikastolaren abokatuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna