Paperik gabeko migratzaileek osasun zerbitzua izango dute berriz

Gutxienez 90 egunez egon beharko dute erroldatuta, edo euren «ahultasunaren» berri eman beharko dute gizarte zerbitzuetan

Iosu Alberdi -

2018ko ekainak 29
Paperik gabeko migratzaileek osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea berreskuratuko dute. Hala berretsi du Espainiako Osasun ministro Carmen Montonek aurkeztutako errege dekretuaren zirriborroak. Halere, «inolako gehiegikeriarik» ez gertatzeko, Espainiako Gobernuak «berme batzuk» ezarri ditu: gutxienez 90 egunez egon beharko dute erroldatuta migratzaileek, edo euren «ahultasunaren» berri eman beharko dute gizarte zerbitzuen bidez. Migratzaile «irregularrek» 2012. urtean galdu zuten osasun unibertsala izateko eskubidea, PPren gobernuak onartutako osasun erreformaren ondorioz osasun txartelik gabe geratu baitziren.

Montonek atzo eman zien zirriborroaren berri autonomia erkidegoetako gobernuei, osasun sistemako lurralde arteko kontseiluaren bileran. Halere, Espainiako presidente Pedro Sanchezen gobernuak duela bi aste adierazi zuen PPren osasun erreforma bertan behera uzteko asmoa. «Ezinbestekoa da pertsona guztiei osasun eskubidea itzultzeko», esan zuen gobernuko bozeramaile Isabel Zelaak. Gaineratu zuen asmoa zutela uda amaitu ostean errege dekretua indarrean jartzeko.

2012. urteko osasun erreformak paperik gabeko 840.000 migratzaile inguru utzi zituen lehen mailako arreta jaso ezinik; osasun arta larrialdi zerbitzuetara mugatu zuten, haurren eta haurdunen kasuetan izan ezik.

Osasun ministroaren esanetan, erreforma haren eraginez, autonomia erkidegoek beste bide batzuk jorratu behar izan dituzte herritar horiei arreta emateko. Hori, ordea, era «ez harmoniko eta desberdinetan» gertatu da lurralde bakoitzean: «Aurrerapauso bat eman eta era bateratuan eraikitzeko garaia da».

PP aurka dago

PPk agintea duen autonomia erkidegoetako gobernuek, ordea, errege dekretuarekin batera memoria ekonomiko bat aurkezteko eskatu diote Madrili, eta defendatu dute erabakiak 1.200 milioi euroko gainkostua ekar lezakeela. Montonek ukatu egin du, eta arrazoitu autonomia erkidego bakoitza jada arreta hori eskaintzen ari dela. Gainera, «ahalik eta azkarren» martxan jarri nahi duela adierazi du, eta batzorde misto baten sorrera proposatuko duela, legea betetzen dela ziurtatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna