Orkoienen bi hildako utzi dituen tiroketa ikertzen ari da Foruzaingoa

Lehen zantzuen arabera, gizonezko batek bikotekide ohia tiroz hil du, eta bere buruaz beste egin

Foruzainak Orkoienen, tiroketa izandako etxebizitza zaintzen. JDI / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Bi hildako izan ziren atzo goizean Orkoienen (Nafarroa) gertatutako tiroketa baten ondorioz. Bi gizonezko. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Foruzaingoa krimenaren nondik norakoak ikertzen ari da. Zehazki, gizonetako batek bestea tiroz hil eta bere buruaz beste egin ote zuen jakin nahi dute ikerlariek.

SOS Nafarroa zerbitzuak 11:36an jaso zuen deia. Orkoiengo Jose Saramago kaleko 9. zenbakian bizi zen hildakoetako bat—54 urteko gizona—, arrebarekin. Hain zuzen, emakumeak topatu zituen hilotzak, etxera itzultzean, eta larrialdi zerbitzuetara hots egin zuen. Haraino joan ziren oinarrizko laguntzako mediku talde bat, Foruzaingoaren patruila bat eta larrialdiko psikologo bat. Hainbat orduz etxea eta inguruak miatu ostean, hilotzak jasotzeko agindua eman zuen auzi medikuak 15:30ean, eta Nafarroako Auzi Medikuntza Institutura eraman zituzten. Orkoienen, berriz, foruzain talde bat gelditu zen, zaintza eta ikerketa lanetan.

Jose Saramago kaleko etxebizitzan bizi zen gizonaren beste arreba batek hedabideei azaldu zienez, bikotekide ohiak ziren hildako bi gizonezkoak. Emakumeak salatu zuen, bestalde, bere nebaren bikotekide ohiak mehatxu egin ziela behin baino gehiagotan.

Iruñeko 2. zenbakiko instrukzio auzitegiko epaileak sekretua ezarri dio sumarioari. Hortaz, Nafarroako Gobernuak eta Foruzaingoak ez dute emanen kasuaren inguruko xehetasunik magistratuak sekretua kendu arte.

Bi tiroketa hilabetean

Atzokoa ez da Nafarroan azkenaldian izandako tiroketa bakarra. Irailaren 18an, Foruzaingoak hiru gizonezko atxilotu zituen Kaseda herrian, beste hiru gizon hiltzea egotzita. Bi familiaren arteko liskar batetik eratorri zen dena; bi aiten eta haien bi semeen arteko eztabaida gaiztotuz joan zen, eta eskopetaz tiro egin zioten batzuek besteei, kalean, Foruzaingoak jakinarazi zuenez. Tiroketan, hiru lagun hil ziren: 50 urteko gizonezko bat, eta haren bi semeak, 29 urtekoa bata, eta adingabea bestea, 17 urtekoa. Hiru atxilotuak, berriz, 53 urteko gizon bat eta haren bi semeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.