Gaztelueta, epaia epaitzen

«Kontraesanez betetako lekukotza froga gisa» hartzea salatu du eskolako buruak. Abusuak izan ziren bulegoa erakutsi die komunikabideei

Imanol Goiarrola Gaztelueta ikastetxeko zuzendaria —erdian—, atzoko agerraldian.
Imanol Goiarrola Gaztelueta ikastetxeko zuzendaria —erdian—, atzoko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko azaroak 30

«Ez dut epaia onartu beste erremediorik, baina argi gera dadila ez dudala harekin bat egiten. Are gehiago: uste dut bidegabekeria bat egin dela». Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko zuzendari Imanol Goiarrolak gogor gaitzetsi du euren zentroko irakasle ohi bat ikasle bati sexu abusuak egiteagatik zigortu izana. «Ezin dut sinetsi kontraesanez betetako lekukotza bat nahikoa izatea pertsona bati 11 urteko zigorra ezartzeko». Bere iritzia ezagutarazteko asmoz, hedabideak deitu zituen atzo goizean, eskolako ekitaldi aretora. «Orain arte isilik egon gara». Eta, hain zuzen, epaia kritikatzeko erabaki du isiltasuna haustea, eta biktimaren sinesgarritasuna auzitan ipintzeko.

Oholtzako mahaian egon zen zuzendaria, ezker-eskuma ikastetxeko kide bana zituela. Ahotsaren tonuan eta aurpegiko keinu ilunean nabari zitzaion haserrea, ia 45 minutuko agerraldian. Honela laburbildu zuen epaia: «Ikasleak dioen guztia egia da, eta kontrakoa dioena gezurretan dabil». Berak epaiketan egindako adierazpenak epaian «manipulatuta» ageri direla ere salatu zuen. «Eta badakit ez naizela bakarra».

Goiarrola ikasle ohiaren tutorea izan zen Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan; justu zigortutako irakaslea izan aurrekoetan. «Askotan pentsatu dut neu izan nintekeela abusuak egotzi dizkiotena. Babesgabe sentitzen gara irakasleak». Zigortua ia beste ehun ikasleren tutore izana zela ere azpimarratu zuen: «Beti esaten da predatzaile sexualek biktima bat baino gehiago izaten dituztela. Kasu honetan, guztiei galdetu diegu, eta denek egin dute irakaslearen balorazio ona».

Onartu zuen perituek sinesgarritasuna eman diotela gaztearen hitzei. «Egia bada, esan duen guztia izango da egia. Eta kontakizunaren zati bat ez da egia, gertaera horiek publikoak izan direlako, eta lekukoek gezurtatu egin dituztelako. Lekukorik egon ez eta ezkutuan gertatu den hori egia dela sinetsi behar dugu?». Ikastetxearen jarduna ere defendatu zuen. Epaiak esan zuen zuzendaritzak egindako ikerketa ez zela izan «ez serioa ez zorrotza». Goiarrolaren arabera, gurasoekin zuzeneko komunikazioa izan zuten hasieratik. «Baina ezin nuen kondenatu frogarik gabe». Irakaslea erruduntzat jotzea «errazagoa» izango zela erantsi zuen, «buruko min gutxiago» emango zizkiola, baina «egiarekiko koherentziagatik» ezin izan zuela.

Ondoren, irakasle ohia eta ikaslea biltzen ziren bulegora ikustera gonbidatu zituen kazetariak. Hara bidean euren tutoreekin berbetan zeuden bizpahiru ikaslerekin egin zuen topo kazetari taldeak. «Coach modukoak dira gure tutoreak. Ikasleez kezkatzen dira, eta orientatu egiten dituzte», azaldu zuen Gazteluetako presidente Juan Angisolak.

Ateetako leihotxoak

«Etengabe hitz egin da bulego honetaz. Baina hona ez da etorri epailerik, nahiz eta salatutako abusuak hemen gertatu ziren, eta defentsako abokatuak hala egiteko eskatu zuen», ohartarazi zuen Goiarrolak. Zehaztu zuen Hezkuntza Saileko ikuskari bat baino ez zela joan hara, eta hark epaiketan esan zuela «sinesgaitza» dela biktimak deskribatutako abusuak leku hartan gertatu izana, inguruan «jende asko» dabilelakoan, nahiz eta bulegoa giltzaz itxi zitekeen. Bertan sartu eta biktimaren kontakizuneko pasarteak irakurri zituen Goiarrolak. Biktimak esan zuen abusuak egin zizkionean irakasle ohiak bulegoko pertsiana jaitsi eta atea ixten zuela giltzez. Zuzendariak erakutsi nahi zuen pertsiana barik gortinak daudela, lekukotzari sinesgarritasuna kentzeko asmoz.

Bulegoa eraikin nagusiko gorengo solairuan dago. Komun bat du alboan, eta lau ikasgela inguruan. Ate guztiak parez pare zabalik zeuden. Baita beste solairuetako ikasgeletakoak ere. Abusuak salatu zirenean, ikastetxeak leihotxo bat ipini zion bulegoko ateari, hamabost bat zentimetro zabalera eta metro erdi inguruko altuerakoa. Ikasgela guztietako ateetan egin dute hori. «Halako abusurik sekula gerta ez dadin».

Esan zuen «estimutan» duela biktima, eta psikiatrek diagnostikatu dioten estres post-traumatikoa sendatzea opa diola. Ez zion barkamenik eskatu nahi izan. «Zergatik?». Adingabeen aurkako abusuen kontrako konpromiso «sendoa» dutela nabarmendu zuen. «Horrelakorik egiten duenari ahalik eta zigorrik handiena jartzea nahi dugu. Oker egon naiteke, baina hau ez da kasua».

Umiliazioa