Arnasa 6.000 gazterentzat

23-35 urte arteko maizterrei alokairua pagatzen laguntzeko programa bat onartu du Jaurlaritzak

Alokagai dagoen ondasun higiezin bati buruzko kartela, Donostian. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Gaztelagun programa onartu du Jaurlaritzak, 23-35 urte bitarteko gazteei —hilean 650-1.000 euro arteko lansariak badituzte— alokairua ordaintzen laguntzekoantolatutako egitasmoa. 54 milioi euro jarriko dituzte egitasmo horretarako, eta 2022. urtera bitartean 6.000 gazte ingururi laguntza ematea da asmoa. Urte hasieratik era izango da izena ematen hasteko. Programa berriaren xehetasunak atzo eman zituenJaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak, Bilbon egindako agerraldi batean. Laguntza horren bidez gazteen «emantzipazio» prozesuak erraztu nahi dituztela nabarmendu zuen. Dirua jasotzeko, urteko gutxieneko sarrera gordinak 7.734 eurokoak izango dira. Gehienezkoak, horra: 15.000 eurokoak bakarrik bizi direnentzat, 20.000koak bizikidetza unitateentzat, eta 25.000koak familia ugarientzat.

Soldataren zenbatekoaz eta adinaz aparte, mugak badira laguntza eskatzeko. Lehena: gehienez hiru urtez jaso ahal izango da. Bigarrena: laguntza eskatzen dutenek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herriren batean erroldatuta egon beharko dute gutxienean urtebete lehenago. Hirugarrena: ohiko bizilekua izan beharko du maizterrarentzat errentan duen etxebizitzak, eta kontratu bat hitzartuta eduki beharko du horren gaineko xehetasunekin. Puntu horri dagokionez, bada ñabardura bat aintzakotzat hartu beharrekoa: ez da ezinbestekoa laguntza eskatzen dutenak etxeko maizter bakarrak izatea. Alokairu partekatua beste herrialde batzuetan nahiko formula ohikoa dela gogorarazi dute Jaurlaritzako buruek, eta horri ere lekua egin nahi diotela programa honetan. Laguntza, berez, pentsatuta dago jada maizter bizi diren gazteentzat, baina oraindik urratsa egin ez dutenek ere egin dezakete eskakizuna; onartzen bazaie, hiru hilabete izango dituzte alokairu kontratu bat aurkezteko.

Alokabideren bitartez

Alokabidera jo beharko dute izena eman nahi dute gazteek, eta hantxe jasoko dute behar duten informazio guztia. Erakunde horrek hartuko du laguntza honen gaineko kudeaketa. Onuradunen diru sarrerak urtean behin berrikusiko ditu, ikusteko laguntza jasotzen jarraitzeko baldintzak betetzen dituzten oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.