Arnasa 6.000 gazterentzat

23-35 urte arteko maizterrei alokairua pagatzen laguntzeko programa bat onartu du Jaurlaritzak
Alokagai dagoen ondasun higiezin bati buruzko kartela, Donostian.
Alokagai dagoen ondasun higiezin bati buruzko kartela, Donostian. JON URBE / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko abenduak 19
Gaztelagun programa onartu du Jaurlaritzak, 23-35 urte bitarteko gazteei —hilean 650-1.000 euro arteko lansariak badituzte— alokairua ordaintzen laguntzeko antolatutako egitasmoa. 54 milioi euro jarriko dituzte egitasmo horretarako, eta 2022. urtera bitartean 6.000 gazte ingururi laguntza ematea da asmoa. Urte hasieratik era izango da izena ematen hasteko. Programa berriaren xehetasunak atzo eman zituen Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak, Bilbon egindako agerraldi batean. Laguntza horren bidez gazteen «emantzipazio» prozesuak erraztu nahi dituztela nabarmendu zuen. Dirua jasotzeko, urteko gutxieneko sarrera gordinak 7.734 eurokoak izango dira. Gehienezkoak, horra: 15.000 eurokoak bakarrik bizi direnentzat, 20.000koak bizikidetza unitateentzat, eta 25.000koak familia ugarientzat.

Soldataren zenbatekoaz eta adinaz aparte, mugak badira laguntza eskatzeko. Lehena: gehienez hiru urtez jaso ahal izango da. Bigarrena: laguntza eskatzen dutenek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herriren batean erroldatuta egon beharko dute gutxienean urtebete lehenago. Hirugarrena: ohiko bizilekua izan beharko du maizterrarentzat errentan duen etxebizitzak, eta kontratu bat hitzartuta eduki beharko du horren gaineko xehetasunekin. Puntu horri dagokionez, bada ñabardura bat aintzakotzat hartu beharrekoa: ez da ezinbestekoa laguntza eskatzen dutenak etxeko maizter bakarrak izatea. Alokairu partekatua beste herrialde batzuetan nahiko formula ohikoa dela gogorarazi dute Jaurlaritzako buruek, eta horri ere lekua egin nahi diotela programa honetan. Laguntza, berez, pentsatuta dago jada maizter bizi diren gazteentzat, baina oraindik urratsa egin ez dutenek ere egin dezakete eskakizuna; onartzen bazaie, hiru hilabete izango dituzte alokairu kontratu bat aurkezteko.

Alokabideren bitartez

Alokabidera jo beharko dute izena eman nahi dute gazteek, eta hantxe jasoko dute behar duten informazio guztia. Erakunde horrek hartuko du laguntza honen gaineko kudeaketa. Onuradunen diru sarrerak urtean behin berrikusiko ditu, ikusteko laguntza jasotzen jarraitzeko baldintzak betetzen dituzten oraindik ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Arantxa Iraola

Informazio osagarria