Egoiliarrek praktikak egitea nahi du EHUk, mediku euskaldun faltagatik

Ikasketak euskalduntzeko helburuak zehaztu ditu arloz arlo, eta medikuntzako trabez ohartarazi

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Medikuntza arloan daude euskarazko ikasketak zabaltzeko oztopo handienetakoak. Gurpil baten traza du: mediku euskaldun gutxi, praktika klinikoak euskaraz bideratzeko sendagile gutxi, eta, beraz, euskaraz prestatutako mediku gutxi etorkizunerako. Gurpil hori hausteko neurriak proposatu ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateak euskara plan berrian. Ikusita nolako zailtasunak dauden praktika klinikoak mediku espezialistekin euskaraz egiteko, proposatu du mediku egoiliarrek parte hartzea prozesu horretan, haiek bideratzea euskaraz ikasten ari direnen praktika batzuk. Hori egiteko, venia docendi baimena emango liekete: alegia, unibertsitate ikasketak emateko baimena.

Unibertsitateko gobernu kontseiluak atzo onartu zuen hirugarren euskara plana, 2022 artekoa. Bi zutabe ditu proposamenak. Batetik, euskarazko eskaintza areagotzea, batez ere hautazko ikasgaietan eta graduondokoetan. Bestetik, erabileran jartzea indarra: azken hamarkadetan ezagutzan egindako urratsen ondoren, erabilera handitzea nahi dute.

Hain justu, erabilerari dagokionez, neurketak egiteko asmoa du EHUk; esaterako, kaleko erabilera neurtzeko metodoa oinarritzat hartuta, ikasgelatik kanpo euskaraz zenbat egiten duten aztertzea. Lan hizkuntza gisa euskara zenbat erabiltzen duten ere aztertu nahi dute, eta enpresen esku utzitako zerbitzuetan —kafetegietan, fotokopiak egiteko lekuetan...— irizpideak betetzen diren aztertu.

Erabilera areagotzeko egitasmo batzuk egin dituzte azken hilabeteetan EHUn, Euskaraldiaren estilokoak. Bide horretan sakondu nahi dute, eta bide berritzaile batzuk abiarazi; esate baterako, bilerak euskaraz egiteko helburuz, intepretaziorako teknologiak baliatzen hastea. Interprest programa aipatu dute bereziki: aldi bereko itzulpena egiten du, kostu txikiarekin, sakelako telefono bidez.

Laneko arloari dagokionez, aldaketa batzuk badira hizkuntza eskakizunetan: Jaurlaritzaren irizpideak kontuan hartuta —postu bakoitzeko funtzioaren arabera zer eskakizun jarri behar litzatekeen zehaztu zuen—, postu batzuen eskakizuna igo egingo dute.

Nahitaezkoak lehentasun

Graduko ikasketak euskalduntzen urratsak egin dituzte azken urteetan, baina karrera batzuetan oraindik badaude derrigorrezko ikasgai batzuk ezin direnak euskaraz egin. «Horiek euskalduntzea da lehentasuna», diote txostenean. Euskaldundu beharreko ikasgaien planifikazioa egingo du unibertsitateak, eta jarraipena. Euskara planean jaso dute karrera bakoitzean zenbateko eskaintza lortu behar duten 2022rako. Hara: gaur egun, hiru karreratik bitan (%66) da euskarazko eskaintza gaztelaniazkoa adinakoa edo handiagoa, eta helburua dute bostetik lautan izatea (%80).

Planean bereziki aipatu dute medikuntzako graduaren egoera, eta ospitaleko praktikak euskaraz egiteko neurri gehiago proposatu. Kontuan izatekoa da azken hilabeteetan aldaketa gehiago egin dituztela gradu horretan: ikasleen %40 euskarazkoak izan daitezen bermatuko dute matrikulan, eta Galdakaoko ospitalea sartu dute praktiketarako sarean. Planaren arabera, euskaraz matrikulatzeko kanpaina egingo dute.

LAB sindikatuak kritikatu egin du euskara plana, zehaztasunik eta baliabiderik gabea delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.