Irailak haizea eman die auto matrikulazioei

Azken hilean %10 igo dira auto berrien salmentak Hego Euskal Herrian. Urte osoa aintzat hartuta, ordea, %9 apaldu dira

xabier martin
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Aurtengoa ez da urte ona izango auto berrien salmentari dagokionez, baina, agian, ez da izango uste bezain okerra. Irailak urteko lehen bederatzi hilabeteetan pilatutakoaren kopurua txukundu du: 3.816 auto berri saldu dituzte, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, iazko hil berarekin alderatuta %10 gehiago kasik. Horrenbestez, urtarriletik irailera 38.391 auto berri saldu dituzte. Iazko epe berean, %9 gehiago saldu ziren, baina, irailean, eten egin da hiru hilabete jarraian islatu den joera negatiboa, eta salmentak abiadura pixka bat hartu du.

Igorpen araudi berria

Iraileko gorakada horrek, dena den, badu azalpen argi bat: iazko iraila izan zen irailik okerrena 2014. urtetik; izan ere, 2018ko abuztuan ohiz kanpoko salmenta mordoa egin zituzten kontzesionarioek, igorpen araudi berriaren bezperan. Salmentak abuztuan pilatu ziren, alegia, eta iraila, berriz, araudi berria indarrean sartu berria zela, oso apal joan zen. Hil horrekin alderatuta bihurtu da beharko zuen baino hobea aurtengo iraila.

Bestalde, auto mota desberdinen arteko orekak ez du izan berritasun handirik; dieselaren gainbeherak bere horretan jarraitzen du, eta Hego Euskal Herriko merkatuan gasolio motordun autoen kuota ez da %25era iristen. Gasolinak hartu zion salmenten nagusitasunaren erreleboa 2016-2017koan, eta joera hori sendotu besterik ez da egiten ari hilez hil. Gaur egun, saltzen diren hamar auto berrietatik ia zazpik gasolina motorra dute.

Motor alternatiboekin aritzen diren autoen salmentak, berriz, gora doaz, baina oso gutxika. Urtarriletik irailera, 4.055 matrikulatu dituzte, saldutako guztien %10,5. Auto elektrikoak, hibridoak, gas naturalekoak eta hidrogenozkoak sartzen dira multzo horretan. Elektriko puruek, baina, oso kuota txikiarekin jarraitzen dute: ez dira %3ra iristen. Hibridoak eta GLP motorrekoak gehiago saltzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.