Donostiako etxe turistikoen araua ezeztatu egin du auzitegiak

Goiak dio ordenantzak indarrean segituko duela, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia ez baita irmoa. Errekurtsoa jarriko du udalak

Etxe turistikoen aurkako margoketa bat, Donostian, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Gipuzkoako hiriburuan etxe turistikoak arautzen dituen ordenantzaren aurka egin du Anfitriones Basque Country Hosts elkarteak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio. Zehazki, 2010eko Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren 8.4 artikuluaren kontra egin du auzitegiak. Artikulu horren bitartez, hainbat kontu udalaren ordenantzen bidez arautu zitezkeen, tartean etxe turistikoak.

Eneko Goia Donostiako alkateak agerraldi batean azaldu duenez, egungo ordenantzak indarrean jarraituko du, eta, epaia ez denez irmoa, errekurtsoa jarriko dute Auzitegi Gorenean. Sententziak esaten du erabilitako tresna ez dela egokia, baina ez da sartzen oinarrizko edukietan. Aldi berean, horrek gehiago arduratuko lukeela esan du Goiak. Hala ere, onartu du atzo emandako epaiak «udalaren interesen aurka» egiten duela.

Etxe turistikoen ordenantzak hiru eremutan banatzen ditu Donostiako auzoetako etxebizitza turistikoak. Parte Zaharra «eremu saturatu» gisa izendatuta dago. Horregatik, etxebizitza turistiko berriak erregistratzea debekatu zuten, baina baimena zutenek jardunean jarraitu dute. Etxebizitza turistikoen «eskaera handiko» eremu gisa sailkatuta daude, berriz, Erdigunea eta Gros auzoak, Egia eta Antiguako zona batzuekin batera. Horietan, lehen solairuan soilik ezar daitezke alokairu turistikorako etxebizitzak, eta ezin dira izan 250 metro koadro baino gehiagokoak eraikin bakoitzean. Azkenik, beste bi ataletan sartzen ez diren auzoetako etxebizitzetan edozein solairutan ezar daitezke gisa horretako zerbitzuak, eta guztien artean ezin dira izan 350 metro koadro baino gehiagokoak.

Alkateak aurreratu du beste plan orokor bat egiten ari direla urte amaierarako, eta bertan ere sartuko dutela etxe turistikoen ordenantza.

Eztabaida-eragile

2018ko martxoaren 1ean onartu zuten Donostiako etxe turistikoen ordenantza. Udal gobernua osatzen zuten EAJren eta PSEren babesa jaso zuen, eta oposizioak EH Bilduk, Irabazik eta PPk aurka bozkatu zuten. Ordenantza hori onartzearen kontra agertu ziren pentsiodunen elkarteak, Kaleratzerik Ez plataforma eta Donostiako zortzi auzo elkarte ere bai.

Epaia jakin denean, EH Bilduk esan du EAEko Auzitegi Nagusiak ordenantza bertan behera utzi duela, ordenantza batek ezin dituelako hirigintzako erabilerak arautu. Koalizioak gaineratu du araudi berria sustatzen hasi bezain laster esan zuela hori: «Behin eta berriz EAJren eta PSEren gobernuari ohartarazi genion hori ez zela legezkoa, baina erantzuna beti izan da kosta ahala kosta aurrera segitzea».

Ordenantza onartuta, legez kanpoko ehunka etxe legezko bihurtu zirela salatu du EH Bilduk. «Etxebizitzaren preziorik garestiena duen euskal hirian etxebizitza turistikoen ugaritzeari hainbeste erraztasun ematea suizidio politikoa zen Donostiarentzat», ziurtatu dute. Eneko Goiaren gobernuaren politikak Donostiako herritarren interesentzat «kaltegarriak» direla erakusten duten «ebidentzia gehiegi» dituztela esan dute. «Bada garaia etxebizitza eta turismo politiken erdigunean donostiarrak jartzen hasteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.