Zaldibarko luizia

Hondakinak hartzeko beste biltegia Verterren sailean egongo da

300.000 metro kuboko edukiera izango dute bi biltegien artean. «Berehala» hasiko dira lanak, eta bete bezain laster zigilatuko dituzte

Hondeamakinak luiziaren beheko aldean lanean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun

Zaldibarko luiziko hondakinak hartzeko biltegiak bi izango dira, eta zabortegitik oso gertu egongo dira. Bat, BERRIAk atzo aurreratu bezala, zabortegi alboko lursailean egongo da; bestea, berriz, Verter Recyclingen lurretan. Bien artean 300.000 metro kuboko edukiera izango dute, eta «berehala» hasiko dira egiten, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak atzo argitu zuenez. Behin beteta, zigilatu egingo dituzte, eta hondakinak han geldituko dira.

Jaurlaritzak premiazko bide bat hasi du biltegiak zulatzen hasteko. Ingurumen Erantzukizuneko Espainiako Legearen 23. artikuluak behar diren neurriak hartzeko eskubidea aitortzen dio, «prozedura tramitatzeko beharrik gabe». Alde horretatik, ez du epaiketa posiblea amaitzerik behar Verterren lurra erabiltzeko, ezta udal edo ingurumen baimenik ere eraikitzen hasteko. Atzo BERRIAn aurreratu bezala, lur batzuk desjabetu dizkiete Eitzaga Etxeberria baserriko jabeei. Bitxikeria moduan, Erkorekak bere agerpenean esan zuen bi biltegiak Verterren lurretan egongo zirela, eta Jaurlaritzak ondoren bidalitako txostenean argitu zuen bakarra egongo dela enpresaren jabetzetan.

Zabortegiaren beheko aldean 140.000 metro kuboko ontzi bat jarriko dute, eta goiko aldean, 160.000 metroko beste bat. Ingurumen legeek ahalik eta gertuen egotea lehenesten dute, garraioak sor ditzakeen kalteak murrizteko. Hara joango dira, beraz, luiziak zabortegitik atera zituen hondakinak. Besteak beste, A-8 autobidera erori eta ondorengo lanetan beherantz botariko hondakinak igoko dituzte. Orain arte, autobide bazterrean eta behin-behineko biltegi gisa erabiltzen ari ziren harrobi zahar batean pilatu dituzte. Errepidez mugituko dituzte lur horiek.

Bi biltegien edukiera 300.000 metro kubokoa izango da; baina hori zenbat lur da? Bada, alderatzen jarrita, 120 olinpiar igerileku betetzeko behar dena, edo Bilboko autobus geltoki berria egiteko atera zutena baino gehiago —270.000 metro kubo izan ziren—. Gastuei dagokienez, ogasunak hondamendiari aurre egiteko diru sailarekin ordainduko ditu lanak, eta Jaurlaritzak«fakturazio zehatza» egingo du, ondoren kalte-ordainak eskatzeko.

Berme osoko biltegiak

«Hondakin arriskutsu» tratamendua jasoko dute zabor eta lurrek, besteak beste amiantoz kutsatuta egon daitezkeelako. Erkorekak nabarmendu zuen ingurumen legeek eskatzen dituzten segurtasun baldintzak beteko dituztela biltegiek. Lurren inpermeabilizazioa, gasen irteera eta uren drainatze zein bilketa egokia egiteko «berme guztiak» izango dituzte. Behin beteta, zabortegiak balira bezala zigilatuko dituzte. Era berean, luizira iristeko bide berriak egiteak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagerturiko langileen bilaketa bizkortu beharko luke.

Lan horiek egiteko, kamioiek Eitzaga auzoa igaro behar dute, eta atzo, aurreko egunetan bezala, etengabekoa izan zen ibilgailu astunen joan-etorria. Atzo arratsean, Ingurumen Saileko ordezkariak hango bizilagunekin bildu ziren. Auzotarrek, besteak beste, eskatu zieten aztertzeko zabortegi gaineko lur pistak erabiltzeko aukera. Lanean dabiltzan makinetara erregaia eramateko erabiltzen dituzte egun, eta industrialde batera doaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.