Argitara atera dira irakurmen probako emaitza «irregularrak»

Hegoaldean nabarmen egin dute behera PISA probako irakurmeneko datuek. OCDEk ikasle batzuen jarrerari egotzi dio beherakada
Ikasle batzuk azterketa bat egiten, Donostiako Axular lizeoan.
Ikasle batzuk azterketa bat egiten, Donostiako Axular lizeoan. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2020ko uztailak 24

Irakurmen probako emaitza «irregularrak» argitara atera ditu OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, 2018ko PISA azterketa oinarri hartuta. Hain zuzen, iazko abenduaren hasieran ziren emaitza guztiak argitaratzekoak, baina, azkenean, Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan soilik zientzietakoak eta matematiketakoak jakinarazi zituzten. Izan ere, OCDEren arabera, ikasle kopuru batek ez zuen proba «behar besteko seriotasunarekin» egin. Jasotako datuei dagokienez, beherakada nabaria da irakurmenaren alorrean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 475 puntu atera dituzte ikasleek, 2015ean baino hamasei puntu gutxiago (491). Nafarroan ere behera egin dute emaitzek: 472 puntu atera dituzte azken proban, orain dela bost urte baino 42 gutxiago (514). Datu horiek OCDE eta Europako Batasuneko batez bestekoen azpitik daude (487 eta 489, hurrenez hurren).

Guztira, 79 herrialdetako 15 eta 16 urteko 600.000 ikaslek egiten duten proba da. Hegoaldean, hiru urtean behin egiten da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan dauden ikasleekin, eta hiru arlo aztertzen ditu: zientziak, matematika eta irakurmena. Ipar Euskal Herrian ere egiten dute proba, eta Frantziako Estatuko emaitzetan sartzen dituzte. Kasu honetan, Hego Euskal Herriko 5.463 ikaslek hartu zuten parte. OCDEk ez du jakinarazi zehazki non egon ziren arazoak, baina ez dago gustura ikasle batzuen ustezko jarrerarekin. Batetik, erakundeak uste du eskola batzuek aurreratu egin zituztela ikasturte amaierako azterketak, eta, beraz, ikasle batzuek ez zutela egoera hori ongi asumitu: «Ez zuten ahal bezain ongi egin beren eraginkortasuna frogatzeko». Bestetik, erantsi du ikasle batzuek «presaka eta ausaz» eman zituztela ordenagailuz egin beharreko galderen erantzunak: «Hainbat ikaslek 25 segundoan erantzun zituzten hogei galdera».

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak emaitzen balorazio bat egin du. Hain zuzen, PISAko probak apirilean eta maiatzean egin ohi dira, eta gobernuak uste du «lotura nabarmena» dagoela data horien eta autonomia erkidego bakoitzeko ezohiko ebaluazioen artean: «Errekuperazio azterketak ekainean egiten diren autonomia erkidegoetan, hala nola Nafarroan, espero baino puntuazio txikiagoak lortu dira ezohiko ebaluazioak irailean egiten direnetan baino».

Are gehiago, Nafarroako Gobernuak gehitu du emaitzak ikasleen «motibazio faltaren ondorio» ere badirela, eta hezkuntza sisteman ere nolabait «gogaitze» sentsazioa atzeman dela, «lau eskoletan boikota egiteraino». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, berriz, oraindik ez du egin balorazio ofizialik.

Zientzia eta matematika

Zientzietako eta matematiketako proben emaitzak abenduan jakinarazi zituzten. Zientzietan, 487 puntu atera zituzten EAEn, 2015. urtean baino lau puntu gehiago (483). Nafarroan, ordea, behera egin zuten datuek: 512tik 492ra. Matematiketan ere, joera berbera errepikatu zen. EAEko ikasleek azken datuei eutsi, eta pixka bat igotzea lortu zuten: 499 puntu izan zituzten, aurrekoan baino zazpi gehiago (492). Baina Nafarroako ikasleek arlo honetan ere behera egin zuten: 518 puntutik 503 puntura, zehazki.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

18 kasatzeman dituzt azken ordueta Zangozan. ©Iñigo Uriz/FOKU

Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan

Berria

Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.

Kaltzda Zahar eguneko zenroa, Bizkaian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.

Hiru pertsona maskara jantzita ©Jon Urbe / FOKU

Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko

Aloña Beraza Peña

Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.

Koronabirusaren agerraldiak

Koronabirusaren agerraldiak

Berria

Koronabirusaren aurreneko olatua makaldu eta konfinamendua arintzen hasi ondoren, agerraldi gehiago izan ditu COVID-19ak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna