Natur babesa ekonomiarekin uztartu nahi du Tapiak lege bidez

Aurreko legealdian Arriolak aurkeztutako natur babesaren eta ingurumen administrazioaren legeak aurkeztu ditu Ingurumen Batzordean

Gipuzkoako flyscha, Zumaian, San Telmo ermita muinoan dela. GORKA RUBIO / FOKU.
Maider Galardi
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean abian jarri dute berriro ingurumen gaiekin lotura duten legeen ontze prozesua. Atzo aurkeztu zituen Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak bi lege proposamen Ingurumen Batzordean. Bata, administrazio prozedurak arintzekoa, eta, bestea, naturguneak babestekoa. Ez dira berriak: 2019an bi lege proposamenek bide luzea egin zuten, oposizioko alderdien ekarpenak jasota, baina, aurtengo irailean Jaurlaritza eta legebiltzar berria osatuta, hutsetik hasi dute bidea berriro. Alegia: aurreko lege proposamenetan alderdien ekarpenak jaso arren, Tapiak jatorrizko testuen bertsioak aurkeztu zituen atzo. Eta nabarmendu zuen, gainera, bi legeen helburua «naturaren babesa eta garapen sozioekonomikoa uztartzea» dela.

Testuen hasierako bertsioa mahai gainean egoteak zalantza sortu du oposizioko kideen artean. Hala azaldu du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak: «Legea osatzeko moduak kezkatzen gaitu. Bere horretan aurkeztu dituzue aurreko legealditik datozen bi lege testu. Aurreratu genituen hainbat kontu, eta uste dut beste puntu batean dagoela legea. Hortaz, jakin nahi dugu ea aurretik egindako aurrerapenak aintzat hartuko diren ala ez».

Baietz erantzun du Tapiak: «Badakizu beste kasu batzuetan zein izan den geure estiloa, eta prest gaude zure taldearekin eta besteekin erdietsi ziren adostasunekin lan egiteko». Aitortu du, halaber, legeak «ahalik eta azkarrena» onartzea dela asmoa —aurreko legealdian PSE-EEk eta EAJk ez zuten gehiengo osorik, baina oraingoan bai—, eta horregatik hobetsi dutela jatorrizko testuen gainean lan egitea.

Ingurumen gaiak arautzeko hiru proposamenetatik bi jarri dituzte mahai gainean —hirugarrena klima aldaketari eta trantsizio ekologikoari buruzkoa da—: EAEko Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektua eta Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege Proiektua. Lehena batik bat lege «teknikoa» dela azpimarratu du sailburuak, baina ingurumen baimenetan eta kontrol irizpideetan onurak ekarriko dituela: «Asmoa da lege bateratu bat osatzea prozedurak sinplifikatzeko; baimenak esleitzeko erreferentzia bakarra izatea». Jakinarazi du kontrol eta inspekzio guztiak administrazioko langileen esku egongo direla, lan horiek ez dituela kanpoko enpresa batek egingo.

Legeak beste berritasun bat jaso du: Jaurlaritza konprometitu da obra publikoetan erabilitako materialen %40 berrerabilgarria izatera. «Horretan datza ekonomia zirkularra», esan du sailburuak.

Ekonomia eta ingurumena

Hain justu, bi lege proposamenetan agerian gelditu da zein den asmoa: «Natura babesteak eta garapen sozioekonomikoak batera joan behar dute», esan du Tapiak. Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik ihardetsi dio ez ote den arriskutsua garapen ekonomikoak naturaren babesari gain hartzea. Bat egin du Oterok ere. Tapiaren erantzuna: «Ez dut zuengatik esaten, baina askotan, hiritarrek erabakitzen dute landaguneetan bizi diren horien gainean, haien iritzia entzun gabe. Gune horietan egiten den lanik gabe, ez dago zer babestu». Lehen sektoreaz ez ezik, turismoaz eta kulturaz ere mintzatu da.

Europako gomendioetan oinarritu dira, Tapiak dioenez: «Zerbait naturala izateak ez du esan nahi ezin dela ukitu, baizik eta uztargarria izan behar duela». Azpiegitura «berdeaz» ere aritu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.