%16 igo dira emakumeek aurkeztutako babes eskariak

Apiriletik ekainera indarkeria matxistari loturiko 1.849 salaketa egin dira Hegoaldean. Datuek konfinamendu garaiko egoera azaleratu dute

Indarkeria matxistaren kontrako protesta bat, artxiboko irudi batean. J. DIGES / EFE.
Juanma Gallego.
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Aurtengo bigarren hiruhilekoan Hego Euskal Herrian indarkeria matxistari loturiko 279 babes eskari aurkeztu zituzten emakumeek epaitegietan, iazko tarte berean izandakoak baino %16 gehiago, hain justu. Izan ere, tarte horretan iaz 239 eskari egin ziren.

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren barruko Genero Indarkeriaren Kontrako Behategiak atzo aurkeztutako datuen arabera, tarte horretan indarkeria matxistari loturiko 1.849 salaketa aurkeztu dira, %5 gehiago iazko tarte berarekin alderatuta. Orotara, iazko apiriletik ekainera 1.754 salaketa aurkeztu ziren Hego Euskal Herriko epaitegietan.

Ezkutuko indarkeria

Datu horiek bereziki esanguratsuak dira COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduan bizi izandako errealitatea interpretatzeko modua ematen dutelako. Behategiko zuzendari Angeles Carmonaren arabera, pandemia bete-betean zegoenean ez zen indarkeria matxistaren beherakadarik izan; aldiz, indarkeria hori «ezkutuan» geratu zen, bereziki itxialdi garaian biktimek erasotzaileengandik aldentzeko eta salaketak jartzeko eragozpen gehiago zituztelako. Orain ezagutarazitako datuak, berriz, pandemia aurreko zifretara bueltatu dira.

Carmonaren hitzetan, horrek azalduko luke salaketen zein biktimen kopuruan izandako gorakada. Zuzendariak atzoko agerraldia baliatu zuen «gizarte osoaren» inplikazioa eskatzeko; bide beretik, biktimen inguruan bizi direnei eskatu zien tratu txarren berri izan bezain laster salaketa jartzeko. Gogoratu zuen herritar guztien betebeharra dela delituen berri ematea, horien jakitun egonez gero.

Zigorrak, gora

Aurkeztutako salaketa kopuruan ez ezik, datuek isla nabarmena izan dute epaitegiek jarritako zigorretan ere. Indarkeria matxistari lotutako zigorrak %59 handitu dira iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta. 2020ko tartean, 207 lagun zigortu zituzten; aurtengoan, berriz, 331 izan dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.403 salaketa izan dira aurtengo udaberrian; iaz 1.286 izan ziren. Nafarroako datuak ez dira hain txarrak: salaketak %4,7 gutxitu dira. Orotara, 446 izan dira apiriletik ekainera, baina iazko bigarren hiruhilekoan 468 izan ziren. Babes eskariei dagokienez, Nafarroan 98 emakumek galdegin dute aurten (iaz baino 28 gutxiago); Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 181 izan dira guztira (iaz baino 68 gehiago).

Indarkeria matxista jasan duten emakumeen tasa bere horretan mantendu da Nafarroan: 10.000 emakumeko 3,4k jasan dute bortizkeria(13,7 ziren iaz). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, tasa hori txikiagoa da: 12,3 dira aurten, baina iazko apiriletik ekainera 10,9 izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.