«Korrika» lan egin behar duen sektorea

Bizkaiko zahar etxeetako langileak hiru eguneko itxialdia egiten ari dira Bilboko eliza batean, LABek deituta. Baldintza duinak exijitu dituzte

Bizkaiko zahar etxeetako langileak elizara sartzen, atzo, Bilboko Atxuri auzoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Maleta morea eta handia ekarri zuen atzo Nekane Olaldek Ermutik Bilbora. Hiru lo zaku eta esterak sartu behar izan zituen, baita kamiseta termikoak eta galtzerdiak ere. Ermuko Abeletxe egoitzan egiten du lan Olaldek. Eta, Bizkaiko zahar etxeetako beste hamazortzi kiderekin batera, hiru eguneko itxialdia egiten ari da Bilboko Atxuri auzoko Gizakundearen elizan, LAB sindikatuak deituta. Haien eskaera: Bizkaiko zahar etxeetako langileak sektore publikokoekin parekatzea eta ratio duinak ezartzea. Hiru egunetarako egitaraua antolatu dute. Eta hitzaldiak eta elkarretaratzeak egingo dituzte. Gizarte osoa ohartu dadin nahi dute: «Jendarte osoari eragiten dion egoera bat da, eta oso larria da».

Eliza dagoen plazan bildu ziren atzo goizean langileak. Gehienak, emakumeak.«Sektore feminizatua da; horregatik, are gutxiago hartzen gaituzte kontuan. Gainera, emakume migratzaile asko daude. Haien egoera kritikoagoa da, eta horretaz baliatzen dira; zortzi egun jarraian egin izan dute lan. Hori abusua da». Elizara sartu baino lehen, mobilizazioa egin zuten, Erresidentzietako emakumeok borrokan lelopean. Kamiseta moreak jantzita, baldintza duinak eskatu zituzten langileentzat.

Olalde duela hamahiru urte hasi zen Abeletxen lan egiten. Gauez egiten du lan, eta bera bakarrik dago bere solairuan, 33 egoiliarrekin. «Gauean edozer gauza gerta liteke, hala nola norbaitek botaka egin nahi izatea; eta bakarrik zaude; horrek psikologikoki asko eragiten du». Goizean, egoera berdina da. Hiru langilek 33 pertsona artatu behar dituzte: «Dutxatu, garbitu, bizarra moztu eta lagundu». Adierazi zuenez, dena korrika egin behar izaten dute: «Egoiliarren esaldirik gogokoena hau da: 'Beti zoazte korrika'». Animikoki «oso baxu» dago Olalde. Greba egunetan, emakumeek asko laguntzen diote elkarri. Lanean, ordea, «estresatuta eta urduri» egoten dira.

Lan baldintzen duintzea

Monika Rojo ere itxialdian parte hartzen ari da. Aspaldiko egoitzan lan egiten du berak: «Hogei urte daramatzat lanean, eta hogei urte borrokan». Azaldu zuenez, zahar etxean lan egiten hasten den langilearen soldata 1.200 eurokoa da. Eta igandeetako gehigarria 2,70 eurokoa baino ez da. «Ez gara hilabetearen amaierara heltzen». Euren soldata langile publikoen soldatarekin parekatzea nahi dute: %50 inguru gutxiago kobratzen dute.

Rojok azpimarratu zuen ez dela kontuan hartzen langileen osasuna. «Askotan medikatuta etortzen gara lanera, bizkarreko minarekin eta lesioekin; baina medikuak esaten digu jaiotzatik eratorritako artrosia dela, ez dela lanaren ondorioa. Lor jota gaude, eta ez gaituzte tratatzen».

Mobilizazioan, zaintzaren inguruko gogoeta sakon baten beharra azpimarratu zuen Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak: «Guztiok izango dugu noizbait zainduak izateko beharra, eta, gaur-gaurkoz, zaintza duina izateko eskubidea ez dago bermatuta». Lan baldintzak duintzea ezinbestekoa zela esan zuen, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatu zuen: «Aldundiak patronala estutu beharko luke hitzarmena desblokeatzeko, baina kontrakoa egiten ari da: zaintza zerbitzua pribatizatzen ari da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.