Elon Musk

Burtsa maite ez duen enpresaburua

Muskek finantza merkatuetatik atera nahi du Tesla auto elektrikoen konpainia, burtsaren epe laburreko estrategiak traba egiten baitio. Luzera begiratzen duten patrika sakoneko bazkideak behar ditu.

Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Burtsarekin arazo bat du Elon Muskek (Pretoria, Hegoafrika, 1971). Ez da hain harritzekoa. Etorkizunera begira bizi den enpresaburu eta ingeniaria da Musk, errentagarriak izatekotan epe luzera baizik izango ez diren hainbat proiekturen sustatzailea. Tesla auto elektrikoa, Space X espazio ontzia, Hyperloop hodi bidezko trena ... Proiektu horien guztien atzean dago Musk. Burtsak, aldiz, epe motzerabegiratzen du , egunetik egunera alda daitekeen aldarte baten menpe.

Kontrakotasun horren ondorioz iragarri du Muskek Tesla burtsatik aterako duela. Burtsan kotizatzeak esan nahi du enpresa batek hiru hilean behin eman behar duela bere emaitzen berri, eta hortaz gutxienez hiru hilean behin egin behar duela enpresa batean dirua inbertitu dutenen azterketa. Ikusitakoa gustuko badute, akzioen eskaera handitu egiten da, eta haien prezioak gora egiten du; zenbakiak okerrak badira, berriz, saltzeko gogoa hedatzen da, eta konpainiak balioa galtzen du.

«Ziklo horrek izugarrizko prezioa sorrarazten dio Teslari erabakiak hartzeko, agian hiruhileko baterako egokiak diren erabaki batzuek ez baitute zertan epe luzerako egokiak izan», azaldu du Muskek, Teslako langileei bidalitako mezu elektronikoan. «Burukomin batzuk aurreztu nahi dituzu?», galdetu zion erabiltzaile batek Twitterren. «Bai», erantzun zuen.

Eta zer ikusten dute inbertitzaileek Teslaren emaitzei begiratzen dietenean? Dirua galtzen duen enpresa bat. Hedabideen kuttuna da Tesla, auto elektrikoaren garaia iristen ari dela erakusten duen konpainia arrakastatsua. Baina, gaur-gaurkoz, Tesla ez da errentagarria. Auto elektrikoak garestiak dira, eta haien prezioa jaisteko modu bat da haien merkatua asko zabaltzea. Baina inbertsio handiak behar dira ekoizpena hedatzeko.

Aberatsa, baina ez nahikoa

Tesla zaurgarria da burtsan. Salerosketa laburrak egiten dituzten inbertsoreen esku daude enpresaren akzioen laurden bat inguru: orain erosi egiten dituzte, orain saldu, dolar eta zentimo gutxiko gorabeherei etekina ateratzeko. «Jende askok konpainiari eraso egiteko interesa du», azaldu du Muskek.

Irtenbidea burtsatik ateratzea da, baina ez da dirudien bezain erraza. Musk milioiduna da—Forbes-en aberatsenen zerrendan 54.a zen atzo—, baina ez du nahikoa dirurik duela hamabost urte sortu zuen auto enpresa erosteko. 62.000 milioi euroko balioa eman dio Teslari, eta, Forbes-en arabera, Muskek 17.200 milioi ditu (eta horren zati handi bat Teslaren beraren akzioak dira, %20 baititu).

Diru hori nekez lor dezake enpresa zorpetuta, gaur egun ez baitu zorra ordaintzeko dirurik sortzen. Hortaz, patrika sakoneko bazkideak behar ditu, etorkizuneko Tesla enpresa errentagarri bat izango dela sinesten duten luzerako bazkideak. Aurkitu dituela dio, baduela plan bat, baina ez du adierazi zeintzuk diren inbertitzaileak, ezta dirua noiz eta nola jarriko duten ere.

Baliteke Saudi Arabiako funts subiranoa izatea haietako bat; Financial Times egunkariak asteartean kaleratu zuenez, Teslaren akzioen ia %5 erosi ditu azken asteetan. Norvegiako eta Qatarko funts subiranoak ere aipatu izan dira interesatuen artean, baita Txinako zenbait enpresa ere. Baina azken aukera horrek zaila dirudi; izan ere, Pekinen gerra komertziala handitzen ari da, eta baliteke Donald Trumpen gobernuak ate hori ixtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.