Arartekoak ohartarazi du «gainezka» daudela etorkin adingabeen aterpeak

Lezertuak esan du gazteek jasotzen duten tratua «zuzena» dela, baina baliabideak falta direla

Manu Lezertua arartekoa, bere bulegoko kideekin, atzo Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian. BERRIA.
jokin sagarzazu
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bakarrik dauden adingabeen egoera eta, bereziki, etorkinena nabarmendu du Manu Lezertua Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoak, Haur eta Nerabeen 2017ko Txostenaren aurkezpenean, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Azaldu duenez, iaz 2.906 haurrek jaso dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioen babesa; %65 erakunde horien zentroetan edo etxeetan egon dira, eta %35, harrera familietan. Babesa jaso zutenen erdiak baino gehiago etorkin adingabeak ziren: 1.721.

Azken hiru urteetan adingabe migratzaileen kopuruan «gorakada izugarria» izan dela azaldu du Lezertuak, «bat-bateko fenomenoa» izan dela eta administrazioentzat «ezustekoa» izan dela. Ohartarazi du aurten «larriagotu» egin dela egoera; «Bizkaian, bereziki». Arartekoaren arabera, 2017an, 587 haur egon ziren foru aldundien aterpeetan eta etxeetan: 423 Bizkaikoetan.

Arartekoak azaldu duenez, kexarik ez dute jaso adingabeen partetik; jakitun dago, baina, zentro horietako langile batzuek, sindikatuen bitartez, salatu dutela beren lan baldintzak nabarmen okertu direla, eta alderdi eta sindikatu batzuek jo dutela, besteak beste, Adingabeen Fiskaltzara, aterpetxeetako egoeraren berri emateko. Horrekin batera, azaldu du adingabeen urgentziazko zentroak bisitatu dituela berak, eta ikusi duela «gainezka» daudela.Adierazi du, «zailtasunak egon arren», gazteek jasotzen duten tratua «zuzena» dela. Dena den, administrazioei eskatu die baliabide gehiago jartzeko. Alor horretan hiru foru aldundiak egiten ari diren «esfortzua» azpimarratu du, eta adibide gisa jarri du Bizkaikoak aurten horretara bideratu duen aurrekontua iazkoaren «halako hiru» dela, eta Gipuzkoakoak eta Arabakoak ere gehitu dituztela ohe kopurua eta lantaldeak. Iradoki du «kupo sistema» baten alde dagoela bera, adingabe horiek hiru lurraldeetan banatzeko, eta zehaztu du «perspektiba autonomiko batetik» landu behar dela gaia.

Adingabe etorkinez gain, hiru aldundien gizarte zerbitzuek beste 5.173 adingaberi lagundu dietela jakinarazi du Lezertuak. Azaldu duenez, kexa ugari jaso dituzte «banandutako bikotekide gatazkatsuekin» loturiko haurrei emandako tratua dela eta. Lezertuak azpimarratu duenez, horietako batzuk ikertu dituzte, eta ez dute topatu aldundiek oker jokatu duten zantzurik.

Egoera sozioekonomiko «prekarioan» bizi diren umeen egoera ere izan du mintzagai arartekoak. Azpimarratu du azken urteetan «nabarmen okertu» eta «larriagotu» dela haien egoera: biztanlerian oro har izandakoa baino handiagoa izan dela pobreziaren igoera haurren artean. 2016ko inkesta bat gogoan, ohartarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako umeen %10,4k oinarrizko gabeziaren bat daukatela, eta % 3,5ek behar larriak dituztela.

Ikastetxe «ghettoak»

Horrez gain, eta hezkuntza sistemarekin loturiko kexei buruz, ohartarazi du ikastetxe batzuk «ghetto izaera» hartzen ari direla, han «pilatzen» ari direlako etorkin askoren semeak eta baliabide ekonomikoko urriak dituztenenak. Ohartarazi du hori, bereziki, ikastetxe publikoetan gertatzen ari dela. Iradoki du egungo hezkuntza sistemaren bidez «zaila» izango dela hori konpontzea. Gazteak lan sisteman integratzeari begira, berriz, salatu du LOMCE erreformak zailtzen duela Lanbide Heziketako ikasketa batzuetarako sarbidea.

Sexu abusuen auzia ere izan du mintzagai arartekoak, eta nabarmendu du hori saihesteko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2016an abiatutako protokoloa ez dela nahikoa; uste du baliabide eta formakuntza gehiago behar direla, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.