Preso baten azken epaiketa Frantzian, aro berriarekin

Sorzabalekin batera epaituko dute Pla, bihar eta etzi, testuingurua aintzat hartuta. Epaileak korrekzionalari heldu dio, kriminalekoa utzita
David Pla atxilotuta —eskubian—, 2015eko irailaren 22an, Baigorrin, ETAren aurka egindako operazioan.
David Pla atxilotuta —eskubian—, 2015eko irailaren 22an, Baigorrin, ETAren aurka egindako operazioan. BOB EDME

Enekoitz Esnaola -

2019ko otsailak 3
Betiere Frantzian beste euskal herritarrik ez badute preso sartzen, bihar eta etzi izango da, Parisen, euskal preso baten estatuko atzeneko epaiketa: David Plarena. Harekin batera, Iratxe Sorzabal epaituko dute, baina Frantzian lehen ere epaituta daude beste auzi bategatik. 2015eko irailaren 22an atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAko kidetzat jota. Hasieran kriminal arlotik epaitzekoak ziren, baina, defentsak eskatuta, korrekzionaletik juzgatuko dituzte, eta hala, gehienez ere, hamarna urteko espetxe zigorra ezarriko liekete. Gaizkile taldeko kide izatea eta armak edukitzea egotzi diete. Plak eta Sorzabalek iazko abuztuan jakin zuten korrekzionaletik epaituko dituztela; fiskaltza alde zela, Parisko epaileak ebatzi zuen ez dagoela arrazoirik kriminaletik jotzeko. Ez du esan kontuan hartu duela Euskal Herriko egoera politiko berria, baina Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak uste du egoerak baldintzatu egin duela hura.

Plarekin eta Sorzabalekin batera Baigorrin atzeman zituzten bi lagunen kasuan —Pantxo Flores eta Ramon Sagarzazu—, epaileak aitortu egin du testuinguru politiko berria, eta bien auziak artxibatu egin ditu. Sagarzazuren kasuan, epaileak azaldu du ez dela delitua ETAko kideekin «bake prozesuaz eztabaidatzea». Frantzian, epaileek lehenago agertu izan dute jarrera hori —gutxitan—, eta, oraingoan, berritasuna izan da prokuradorea ere iritzi berekoa izan dela. ETAk jarduera armatua utzi zuela jakinarazi eta ia lau urtera izan zen Baigorriko operazioa, Floresen aterpetxean. Epaileak ez deritzo babes logistikoa eman zionik ETAri. Berehala libre geratu zen, Parisen epailearen aurretik igaro ostean. Sagarzazu, berriz, urte hartako Urtezahar egunean. Biak, baldintzapean. Sorzabal eta Pla preso sartu zituzten.

Armagabetze prozesuan murgilduta zegoen orduan ETA, eta haren aparatu politikoko arduraduntzat jo zituzten Sorzabal eta Pla. Iaz Armagabetzea. Euskal Bidea liburuak (Iñaki Egaña, Txalaparta-Gara-Mediabask) zekarren jardun armatuaren bukaeraren adierazpena irakurri zutenak biak izan zirela —eta bestea, Izaskun Lesaka zela— eta 2011-2013ko aldian Oslon ETAren ordezkaritzako kideak ere izan zirela, Josu Urrutikoetxearekin batera, Espainiako Gobernuarekin hitz egiteko. 2015ean atxilotu ondotik, Plak urte bereko abenduan jendaurrean iragarri zuen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zela. 2017ko udazkenetik, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko zuzendaritzako partaideak dira Sorzabal eta biak.

Iazko abenduan Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) aferan ere Auzitegi Korrekzionaletik epaitu zituzten Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea etakideak, eta Graxi Etxebehere, Terexa Lekunberri eta Jeff Mateo gizarte zibilekoak. Zazpina urteko zigorra jaso zuten Retak eta Goienetxeak, hemezortzi hilabetekoa Etxebeherek, eta seina hilabetekoa Lekunberrik eta Mateok —hiru horiek ez dituzte espetxeratu—. 2015eko uztailean izan zen operazioa. Desarmatzeko lanetan zebiltzan Reta eta Goienetxea. Kriminaleko azken epaiketa orain urtebete izan zen.

Baldintzapean aske direnak

Nahiz eta Plarena izango den preso baten atzeneko epaiketa, libre dauden beste lagun batzuek zabalik dituzte instrukzioak, edo neurriak dauzkate. Kasurako, Mikel Irastorza eta Mikel Barrios preso ohiak kontrol judizialpean daude —bata duela bi urte utzi zuten aske; bestea, iaz—. 2015eko maiatzean Miarritzen (Lapurdi) ETAren armategi bat atzeman zutela-eta atxilotutako biak egoera berean dira: Enrike Lopez eta Nathalie Chasseriaux. Kalaka Donibane Garaziko ostatuko afera ere irekita dago, operazioa 2007an izan zen arren. Faisan auzia (2006) ere zabalik dute, baita Luhusokoa (Lapurdi) ere, epaileak dosierra noiz amaituko (2016an izan zen operazioa). Duela hiru urte instrukziora bidali zuten Egoitz Urrutikoetxearen auzia, abokatuek prozedura akatsak aurkitu ondotik. Frantziako Estatuan eperik ez dago epaiketa bat egiteko.

Parisko bihar eta etziko saioak arratsaldez izango dira. Fiskalak etzi egingo du eskaera, Cachenaut defentsa abokatuak hitza hartu aurretik. Ez dago jakiterik sententzia noiz emango duten.

EH Baik eta EH Bilduk ordezkaritza bidaliko dute: Xabi Larralde joango da EH Baitik eta Julen Arzuaga EH Bildutik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna