Delitua ala laguntza eskea

Zenbait gaztek egindako lapurretak ikusita, Arrasateko Udalak fiskaltzara jo du. Gazteen gurasoek «konponbide integrala» eskatu dute

Ion Orzaiz.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Lapurretak eta istiluak urakanaren begian izan dira Arrasaten (Gipuzkoa) azken asteetan. Delitu arinen kopuruak gora egin du nabarmen 2017tik aurrera, eta, udal agintarien arabera, egoera «bereziki larria» izan da otsailetik ekainera: lapurretak salatu dituzte herriko hainbat saltoki, taberna eta etxabetan, baita labanekin eginiko erasoak ere. Arrasateko Udaltzaingoak 18 eta 31 urte bitarteko hainbat gazte identifikatu ditu delituen egile gisa, eta atxiloketa ugari egin ditu. Hori nahikoa ez delakoan, Maria Ubarretxena alkateak gutun bat igorri zion Gipuzkoako Fiskaltzari joan de hilean, «neurriak har ditzala» eskatuz, «delitugileen inpunitatea behingoz eten dadin».

Alkateak agerraldia egin zuen maiatzean, Udaltzaingoko buruzagi Iñaki Arriagarekin batera, «delinkuentziaren goraldiarekin oso kezkatuta» daudela adierazi, eta fiskaltzaren esku hartzea eskatzeko. «Kartzela konponbideetako bat izan liteke, baina beste aukera batzuk ere badira: erreformatorioak, terapiak, desintoxikazio zentroak... Baina pertsona horiek kalean beren kasa uzteak ez du ezer konponduko», ohartarazi zuen Ubarretxena alkateak.

Maiatzaren 24an, auziaz galdetuta, honako hau gaineratu zuen alkateak Gipuzkoako Hitza-n: «Lapurretan ari den gazte talde bat daukagu herrian. Guztiz identifikatuta dauzkagu, eta eurek egiten dituzte lapurreten %98 [...]. Epaileek ere zeresana badaukatela uste dugu, baina, guretzat, lehentasuna du gai horrek. Lanean jarraituko dugu, etsi gabe; atxilotzen eta presio egiten jarraituko dugu».

«Kartzela ez da irtenbidea»

Arrasateko Udalak fiskaltzara jo ostean, delituak egozten zaizkien gazteetako batzuen gurasoek gutun bat igorri dute hedabideetara—Goiena- k itzuli du euskarara—. Idazkian, gogorarazi dute auziaren oinarrian bestelako arazoak daudela, delinkuentzia hutsaz haragokoak, eta «konponbide integral baten beharra» azpimarratu dute.

Alde batetik, nabarmendu dute gazteek «askotariko patologiak» dituztela, eta, horrez gain, droga mendekotasunak «arazoa areagotu» egiten diela: «Gure semeak, adibidez, arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (TDAH) dauka diagnostikatua, eta, horren harira, droga kontsumoa eta adikzioa garatu ditu». Hiperaktibitateaz gain, bestelako nahasmenduak eta mendekotasunak dituzte gazte horiek, eta, guraso taldearen esanetan, horrek bultzatzen ditu delituak egitera. «Gure seme-alabak ez daude ondo [...]. Ez dute arrazoitzeko gaitasunik. Bulkaden bidez mugitzen dira, eta horrek asko zailtzen du gurasook kontrola izatea. Autoestimu baxua dute; ez dute lorpen pertsonalik, eta horrek haien antsietatea areagotzen du luzera begira. Pertsona zaurgarriak dira».

Gazteen patologia dela eta, «bestelako konponbideak» behar direla diote gurasoek, zigor kodetik aldenduta: «Delituak egiten dituzte zertarako eta zergatik jakin gabe; hori dela eta, psikoterapia eta komunitate lanak dira konponbidea, ez kartzela. Benetan uste duzue ziega batean sartzeak libratu egingo dituela? Zigorraren bidea aproposa dela uste duzue? Horren alde egiten duten epaileek arazoa are gehiago korapilatzea besterik ez dute lortuko».

Guraso talde horrek, ordea, azpimarratu du gaur-gaurkoz Euskal Herrian ez dagoela horretarako baliabiderik. «Administrazioak, osasun zerbitzu publikoak, gizarte zerbitzuek eta lan mundura sarbidea errazteko lan egiten duten eragileek bat egin beharko lukete arazo hau jorratu ahal izateko. Badago elkarte bat, Abegia izenekoa, askotariko patologiak dituztenekin lan egiten duena, baina 14 pertsonarentzako tokia dute, Euskal Herri osorako».

Azkenik, gazte horiei «bizkarra ez emateko» eskatu diete erakunde publikoei, «zoriontsuak eta gizartearentzat probetxuzkoak» izan daitezen: «Urteak daramatzagu konponbide bila, baina adabakiak soilik eskaintzen dizkigute. Laguntza eraginkorra behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.