Mehatxuak egin dizkiote pederastiaren biktimen elkarteko lehendakariari

Jesus Zudairek salatu du «mezu lizunak» direla. Guardia Zibilak ukatu egin dizkio babes neurriak
Jesus Zudaire, Lizarran, abusuen biktimen elkarteko beste kide batzuekin batera.
Jesus Zudaire, Lizarran, abusuen biktimen elkarteko beste kide batzuekin batera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2019ko urriak 10

«Gustukoen genuena zen zuzendariak zirri egiten zigunean; beraz, ez ezazu orain biktima plantarik egin». Jesus Zudairek jasotako lehen anonimoa letra larriz idatzirik zegoen, paperezko musuzapi batean. Etxeko ezkaratzean aurkitu zuen, iragan aste bukaeran. Ordutik, ia egunero jaso ditu oharrak, ate azpian tolestuta. Azken biak, astelehenean. Zortzi jaso ditu guztira.

Sexu abusuak pairatu zituen Zudairek 1960ko hamarkadan, Lizarrako El Puy eskola katolikoan (Nafarroa). Orain, gisa bereko testigantzak bildu eta ikastetxe erlijiosoetako pederastia kasuak salatzeari ekin dio, Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteko presidente gisa —horren berri eman zuen BERRIAk urriaren 4an argitaratutako erreportajean—. Urteetan eraikitako segurtasun sentsazioa, baina, kolpe bakarrez birrindu zaio. Bat-batean, burura etorri zaizkio aspaldi gainditutako arrangurak, denak batera. Biktimaren rolean ikusi du bere burua, berriz ere.

«Lur jota nago oraintxe», aitortu du. «Ezinegon handia eragin didate ohar horiek, informazio pribatua daramatelako». Sexu edukia dute gutun gehienek: «Lizunak dira, gustu txarrekoak eta, oro har, era traketsean idatzita daude, baina argi dago pertsona horrek ezagutzen nauela, eta erraztasun handia duela nire etxeko atariraino sartzeko».

Oharretan, aipamena egiten zaie El Puy ikastetxeko zuzendari izandako Jose San Julian apaizari —haren kontrako salaketa jarri dute hainbat biktimak, sexu abusuengatik—, elkarteko beste zenbait kideri eta Zudaireren emazte ohiari: «Mezuok idatzi dituenak badaki apaizek gutaz abusatzen zutela, baina, horrez gain, gutunetan aipatzen du emazteagandik banandu nintzela, eta une oro erabiltzen du eskolan jarri zidaten izengoitia: Florin. Horrek harritu nau gehien». Álvaro izenaz sinatuta daude mezuetako batzuk.

Ohar batetik bestera mezuen estiloa «gogortu» egin dela uste du Zudairek: «Hasieran, lizunkeriak besterik ez ziren: 'nola gozatzen genituen eskolako zuzendariaren ukituak', 'nire ametsetako gizona zara', 'nitaz ahaztu zara'... Jaso ditudan azken gutunetan, ordea, mehatxuak ere badira: zortzi laguneko kuadrilla direla esaten didate, eta nirekin masturbatzeko gogoz dabiltzala. Hauetako egunen batean nire etxera etorriko direla ere ohartarazi didate».

Ohar guztiak bilduta, salaketa aurkeztu du Zudairek, Lizarrako Guardia Zibilaren kuartelean. «Galdetu zidaten ezagutzen ote nuen hori egiteko gai zen norbait. Pare bat izen eman nituen, eta ikertzen ari dira, baina, egia esan, askotxo datozkit burura orain: koronel frankista baten semea, abusuak egin zizkioten gelakide izandako bat, Lizarrako Voxeko militante ezagun bat...».

Zaintza polizialik ez

Ikastetxe Erlijiosoetako Sexu Abusuen Biktimen Elkarteko lehendakariak datu gehiago ere eman zizkien guardia zibilei; besteak beste, anonimo guztiak etxeko ezkaratzean uzten zizkiotela, goizean goiz. «Goizeko lehen orduan, kalera irtetean ikusten ditut oharrak, ate azpian. Hori kontuan izanda, errazagoa izan behar luke egilea harrapatzea edo identifikatzea».

Hori dela eta, ordu horietan zaintza poliziala edota babes neurriak jartzeko eskatu zuen Zudairek, salaketa aurkeztearekin batera: «Ez dut bizkartzain bat nahi egun osoan, baina goizaldeko lehen orduan, adibidez, polizia bat jar dezakete, kaleko jantzita». Guardia Zibilak, baina, ezezkoa eman dio. «Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek askotan salatu duten egoera da: oraingoz ez didatenez eraso fisikorik egin, ezin omen dut babes polizialik eskatu. Min ematen badidate, orduan bai. Ordurako, ordea, beranduegi izan daiteke».

Orain arte, elkarteko gainerako kideen babesa jaso du Zudairek, eta horrek indarra eman dio pederastia kasuak salatzen segitzeko. «Argi daukat ni gogaitzea eta beldurtzea dela jazarlearen helburua, amore eman dezadan, baina ez dut isiltzeko edo elkartea uzteko asmorik batere».

Nafarroako Gobernuarekin eta parlamentuko talde guztiekin batzartu dira plataformako ordezkariak orain arte. Atzo, bilera egin zuten legebiltzarrean, eta ordezkari politikoek aukera izan zuten ikastetxe erlijiosoetako zenbait biktimaren testigantzak bertatik bertara ezagutzeko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Zarauzko (Gipuzkoa) hondartz, ekainean. ©Juan Carlos Ruiz / FOKU

Zarauzko Talai Mendi kanpinean PCR probak egiten dabiltza, bezero ohi batek positibo eman ostean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Langileei PCR probak egin dizkiete, eta etxera bidali dituzte. Bezero batzuei ere egin dizkiete probak. Emaitzak jaso bitartean kanpinera inor ez sartzeko ez ateratzeko eskatu dute.

Parke bat hutsik, iragan apirilean, Bilbon. ©Luis Tejido / Foku

Bilboko udaleku batzuetan positibo bat atzeman dute, eta 38 lagun bakartu dituzte

Berria

Haur bati COVID-19a detektatu diotela-eta, haren kideek, begiraleek eta horien guztien bizikideek hamar egun igaro behar dituzte etxean, bakartuta.

Hainbat herritar, Iruñean, maskara jantzita. / ©Iñigo Uriz, Foku

Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian

Joxerra Senar

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bihartik aurrera kalean ere jantzi beharko da maskara; Nafarroan, etzitik aurrera. Igerilekuetan eta hondartzan, maskara jantzi beharkoa da, bainua hartzeko izan ezik. Kirola egiteko orduan edo naturguneetan ken daiteke. Jaurlaritzak botila festa debekatu egin du.

Herritarrak PCR proba egiteko zain. ©Jon Urbe / Foku

80 kasu gehiago Hegoaldean, eta lehen hildakoa Nafarroan ekainaren 11tik

Edu Lartzanguren

Gipuzkoan indarrez ari da izurria: 41 kasu baieztatu dituzte. Iruñean beste agerraldi bat atzeman dute, eta gutxienez hiru lagun kutsatu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna