Katalunia. Erreakzioak Euskal Herrian

Sindikatuen elkartasuna

Euskal gehiengo sindikalak deituta, lanuzteak egin dituzte enpresetan, eta elkarretaratzeak hiriburuetan. Gaurko manifestaziora deitu dute

Bilbon elkarretaratze bat baino gehiago egin zituzten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Azken egunetan etengabeak izan dira Euska Herriko hainbat eragilek Kataluniako herriari igorritako elkartasun mezuak. Eta euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek ere —ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Hiruk eta Etxaldek— elkartasuna adierazi zioten atzo Kataluniari. Elkarretaratzeak egin zituzten Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Kataluniari babesa adierazi, procés-aren sententzia salatu, eta gaur Gure Esku-k Donostian egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.

Bilbon 10:30ean egin zuten lehen protesta, Plaza Biribilean. Horren ondotik, hiriko bertze gune batzuetan ere egin zituzten protestak; epaitegi aitzinean eta udaletxe parean, erraterako. Donostian, Gasteizen eta Iruñean, berriz, 12:00etan elkartu ziren. Elkarretaratze guztietan agiri bateratu bat irakurri zuten.

Irakurritako agirian, aditzera eman zuten bozkatzea ez dela delitua, eta gogorarazi zuten Kataluniako instituzioak urteetan saiatu direla elkarrizketa bidezko konponbidea lortzen. Eta nabarmendu zuten Espainiako Estatuaren erantzuna ezezkoa izan dela beti.

Auzitegi Gorenaren sententzia txarretsi zuten. Sindikatuen arabera, «epai zentzagarria» ezartzen duen sententzia bat da, bertan adierazten direlako nazio bati ahotsa ematen dioten arduradun politikoek eta herritarrek izan ditzaketen zigor gogorrak.

Iruñeko udaletxearen aitzinean egindako protestan, agiria irakurtzeaz gain, sententziaren eta Kataluniako egoeraren balorazioa egin zuten Imanol Pascual ELAren eledunak eta Imanol Karrera LABen bozeraimaileak.

Pascualek eta Karrerak salatu zuten sententzia «politikoa» dela eta ez duela «justizia» nahi, «mendekua» baizik. Adierazi zuten sententziak agerian utzi duela «Espainiako botere banaketarik eza». Gaineratu zuten horrek eragina izan duela Altsasuko gazteen kontrako sententzian ere.

Epaiak sedizioagatik ezartzen dituen kondenak ere salatu zituzten:«Sententzia honek herri gisa eta sindikatu gisa interpelatzen gaitu. Sedizioagatik ezartzen den kondenak urratu egiten du manifestazio eskubidea». «Dagoeneko ez dute balio erdibideko jarrerek. Demokrazia eta autoritarismoaren artean erabaki behar da. Gure apustua demokraziarekin dago», nabarmendu zuten.

Argi adierazi dute 2017ko urriaren 1ean egin zen erreferenduma «ariketa demokratikoa» izan zela eta Espainiako Estatuaren jarrera «eskubideen inboluzioa» izan zela. Langileek herri gisa dagozkien auziak «hemen eta orain» erabaki nahi dituztela adierazi zuten. Horretarako dei egin zuten gaur arratsaldean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko.

«Ez dago errepresiorik jendartearen borondatea geldituko duenik. Gure herrien askatasuna lortzea denbora kontua da», nabarmendu zuen Karrerak. Dozenaka lagun bildu ziren, horietako anitz Kataluniako banderak eskuetan zituztela. Independentzia eta preso politikoak askatzeko eskatuz egindako oihu artean bukatu zen elkarretaratzea.

Lanuzteak enpresetan

Hiriburuetako elkarretaratzeez gain, Euskal Herriko hainbat enpresa eta lantokitan ere ere bat egin zuten Kataluniarekin. 200etik gora enpresatan lanuzteak eta elkarretaratzeak egin zituzten 12:00etan, Kataluniako greba orokorraren deialdiarekin bat egin eta elkartasuna adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.