OEE: «Ezin da onartu kode etiko bati atxikitzea lasai erail ahal izateko»

Adituen txostenaren kontra, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak esan du Jaurlaritzak badituela armen salerosketa baldintzatzeko eskumenak

Adituek eginiko txostena kritikatu zuen atzo OEEk, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak esan duen baino gehiago egin dezake armen ekoizpena, finantzaketa eta salerosketa murrizteko: badauzka eskumenak sektorea baldintzatzeko. Hala azpimarratu zuen atzo OEE Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Bilbon egindako agerraldi batean. Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritzak orain hilabete aurkeztutako Arma merkataritza eta esportazioa Euskadin txostenaren balorazioa egin zuten: «armagintza zuritzea» egotzi zieten dokumentuaren egileei, eta berori baztertzeko eskatu zioten gobernuari. «Ezin da onartu kode etiko bati atxikitzea lasai erail ahal izateko», adierazi zuen Luis Arbide bozeramaileak.

Jaurlaritzak eskatuta, aditu talde batek egin zuen txostena. Ondorio nagusia da EAEko erakundeek ez dutela eskumenik armen ekoizpena eta salerosketa arautzeko, eta, beraz, ezer gutxi egin dezaketela sektorea kontrolatzeko; adibidez, armen esportazioa batez ere itsasotik egiten da, baina euskal instituzioek ez dute ahalmenik itsas merkataritzan eta portu handien kudeaketan. Hori ikusirik, autoerregulaziora jotzea proposatu zuten txostenean: «oinarrizko jokabide eta gardentasun kode bat» sortzea armagintza enpresentzat.

OEE ez dago ados ondorio horiekin. Eskumenei buruzko ikuspegi mugatua jaso dute txostenean, Jokin Alberdiren arabera: «Badakigu eskumenen banaketa konplexua dela eta aukera gutxi dagoela NBEren eta EBren zigor sistemetan eragiteko, baina, hala ere, uste dugu gure agintariek gehiago egin dezaketela». Erantsi du Jaurlaritzak eskumenak dituela, besteak beste, industria politikan, lankidetzan eta ekonomiaren antolakuntzan.

Diru laguntzekin jokatu

Are, gogora ekarri dute Eusko Legebiltzarrak 2007an onartu zuela Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren Legea, eta, haren arabera, gobernuak ezin duela armagintza lagundu. Hala dio lege testuak: «Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin». «Lege hori betearazi ordez, moldatzea proposatzen du txostenak, egungo egoerara egokitzeko. Lotsagarria da», esan du Arbidek. Dokumentuaren egileen ikuspegia ere kritikatu du: «Ematen du Jaurlaritza behatzaile soila dela».

OEEk, berriz, beste abiapuntu bat proposatu du. «Gure ustez, eztabaida ezin da izan armagintzaren negozioa etiko bihurtzea; giza eskubideen defentsaz ari gara», azaldu du Alberdik. «Ez dugu nahi Jaurlaritzak txostena betetzea, baizik eta legea betetzea». Jaurlaritzaren eskumenetan sartzen diren jardun batzuk aipatu ditu: «Enpresa horiei ezin zaie diru laguntzarik eman jarduera nazioartekotzeko, eta ezin zaie erosketa publikoetako lehiaketetan parte hartzen utzi».

Argitu dute neurri horien helburua ez dela armagintza enpresak desagerraraztea, baizik eta euren jarduna aldaraztea: «Administrazioek emandako diru laguntza guztiek xede izan behar dute enpresa horien jarduera eremu zibilera berbideratzea». Alberdiren hitzetan, ez da berria: «Gernikan, adibidez, armagintzan aritzen ziren enpresa pila bat zeuden duela hamarkada batzuk, eta egun ez da armarik ekoizten bertan: denek moldatu dute jarduera». Arbidek gaineratu du ez litzatekeela zaila: «Gipuzkoako Sapa izan ezik, EAEn armak egiten dituzten enpresa guztiak dualak dira, hau da, gai militarrak ez ezik, zibilak ere fabrikatzen dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.