Erregistraturiko hamarkadarik beroena izan da azkena Gipuzkoan

1970etik hona, tenperatura 1,2 gradu igo da lurraldean. Naturklimak klima aldaketarekiko kalteberatasunari buruzko txosten bat osatu du

Azken hamar urteetatik seitan, Gipuzkoan 1970etik erregistratu diren tenperaturarik altuenak jaso dira. SALAS / EFE.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioak berotze globalak lurraldean eragingo dituen ondorioen berri emateko txosten bat aurkeztu zuen atzo, Donostiako Kursaal jauregian. Haren bitartez, adituek berretsi dute klima aldaketa dagoeneko aztarna uzten ari dela, eta hori islatzen da, besteak beste, azken hamarkadetan tenperaturan izandako igoeran. Izan ere, 2010 eta 2020 arteko epea orain arte Gipuzkoan erregistraturiko beroena izan dela ohartarazi du Naturklimak, 1970etik hona batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo baita. Gainera, hamar urte horietatik seitan inoizko batez besteko tenperaturarik beroenak jaso dituzte, eta adituek gehitu dute mende amaierarako termometroek hiru eta lau gradu bitarte egingo dutela gora.

Klima aldaketak Gipuzkoako natura ingurunean eta lurraldeko hamar sektore sozioekonomikotan dituen eraginak aztertzeko, Naturklimak nazioartean homologatutako 80 adierazle meteorologikori erreparatzen die urtero. Txostenean jasotako informazioarekin, etorkizuneko bilakaerak aurreikusi eta horietara egokitzeko aukera ematea da fundazioaren helburua, lurraldearen kalteberatasuna murrizten laguntzeko.

Aurkeztu berri duen 2020ko txostenarekin, beste ingurune batzuetan emandako bilakaera larriez ere ohartarazi du. Kostaldeko Itsas Behatokiak eskaini dizkion datuen arabera, 1980ko hamarkadatik aurrera Bizkaiko golkoko hego-ekialdean itsasoa 0,10 eta 0,25 gradu bitarte berotzen ari da hamarkadako, eta uraren tenperaturaren hazkunde hori nabarmenagoa izan da ur azalean eta kostaldetik gertu.

Gainera, etorkizunera begira, itsas mailak orain arte baino azkarrago gora egiten jarraituko duela jasotzen da txostenean, mende amaierarako 40 eta 70 zentimetro artean haziko dela eta, horren ondorioz, batez beste hondartzen azalera lehorraren %40 galduko dela.

Berehalako ondorioak

Txostenak, halaber, uholdeen areagotzeari buruz, baso ekosistemen «mediterraneizatzeari» buruz eta tenperaturen gorabeherek herritarren osasunean eragin ditzaketen kalteei buruz hitz egiten du.

Hala, atzoko aurkezpen ekitaldian, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak gizarteak aurrez aurre dituen arazo hauen berehalakotasuna nabarmendu zuen: «Klima aldaketa hemen dago, eta haren ondorioei erabakitasunez heldu behar diegu gure ingurumena eta gure herritarren osasuna eta ongizatea arriskuan jarri nahi ez baditugu». Bestalde, arazoa ez larriagotze aldera, Gipuzkoak bere emisioak murriztu beharra ere azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.