Noiz sortua: 2019-04-13 00:30:00

Dimisioa eman dute Uztaritzeko bost hautetsi abertzalek

«Demokrazia eta gardentasun» falta leporatu diote gehiengoko taldeari. Euskaraz egindako hitzak errefusatu dizkie Karrerek
Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana babesteko elkarretaratzea, 2014an.
Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana babesteko elkarretaratzea, 2014an. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko apirilak 13

Lore Aristizabal, Tomas Dagerre, Arño Ospitaletxe, Janp Lapeyrade et If Matxikote ez dira gehiago Uztaritzeko Herriko Etxeko hautetsiak. Atzo jakinarazi zuten erabakia, ostegun arratsean egin zuten herriko kontseiluaren ondotik hartu dutena. Bruno Karrere auzapezaren taldeak daraman politikarekin duten desadostasuna agertu zuten testu batean; besteak beste, aurrekontuak prestatzeko metodoa eta egin diren hautuak deitoratu zituzten. Euskara hutsean egin zituzten adierazpenak, eta ez zuten itzulpenik egin nahi izan, argudiatuta herriko etxeari dagokiola itzulpen zerbitzua bermatzea. Beste hautetsi baten eskaerari erantzunez, bost hautetsien hitzak aktan agerrarazteari uko egin zion Karrerek. Herriko kontseilutik atera ziren bost hautetsiak, eta, atzo, beren kargua utzi dutela jakinarazi zuten. Astelehenean agerraldia eginen dute dimisioa aurkeztu dutenek. Karrerek ez du erantzunik eman.

Desadostasunak ez dira berriak, baina orain arte «barne mailan» konpontzen saiatu dira, dimisioa aurkeztu dutenetako batek azaldu duenez. Joan den irailean agertu ziren jendaurrean: If Matxikote Uztaritze Baitik kanpo ezarri zutela jakinarazi zuen talde abertzaleak, jarrera desleiala leporatuta. Herriko kontseiluan euskara erabiltzea aldarrikatzen zuen Matxikotek, eta salatu zuen Bruno Karrere auzapezak ez ziola eskubide hori bermatu. Legeak ezarritako mugak aipatu, eta azken urteetan hizkuntza politikan egindako urratsak nabarmendu zituen, berriz, Karrerek BERRIAri eskainitako elkarrizketa batean. Matxikote kanporatzearekin, beste lau hautetsik ere Uztaritze Bai taldea uztea erabaki zuten; horiek bostak dira atzo kargua uztea erabaki zutenak.

«Kudeaketa jarrera»

Aurrekontuaren eztabaida baliatu zuten Karrereren taldeari «demokrazia eta gardentasun falta» leporatzeko. Bi eskari egin zituzten: kontuak «irakurgarriagoak eta ulergarriagoak» izatea, eta arloka dirua nola banatua izanen den erakustea, diru zamak eta loturiko proiektuak «argiki» erakutsita. «Urteko asmoen neurria izateaz gain, herriko etxearen orientazio eta hautu politikoak neurtzeko aukera emanen liguke, bai hautetsioi, baita herritarrei ere. Eskasian kausitzen dugun gardentasuna lagunduko luke horrek, baita herritarren inplikatzeko aukera ere», adierazi zuten. «Horrela, ezinezkoa zaigu ulertzea egiten dituzuen lehentasun hautuak, ez politikoki, ez eta ekonomikoki ere». Gehiengoko taldeari «kudeaketa jarrera» izatea leporatu diote, «herrian diren beharrak aurreikusi»beharrean. Urte batetik bestera aurrekontuaren atal batzuetan izan diren aldaketei begira ere, beren ulermenik eza adierazi zuten.

Herriko etxearen hizkuntza politika ere zalantzan ezarri zuten, eta itzulpen zerbitzurik ez egotea salatu, gogora ekarririk hauteskunde kanpainan erran zutela kontuan hartuko zituztela herritar guzien eskubideak. Horregatik egin zuten beren mintzaldietan euskararen aldeko hautua. Karrerek adierazi zuen erabaki zuzena zela bost hautetsien hitzak aktan ez ezartzea; «legezkotasuna errespetatzeko» era hori zela azaldu zuen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hamar lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bost gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.491 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.078 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Maria Txibite, Manu Aierdi eta Elma Saiz kontseilariekin parlamentutik ateratzen. ©Idoia Zabaleta, Foku

Bortzgarren neurri sorta onartu du Nafarroako Parlamentuak

Berria

Navarra Sumaren abstentzioarekin eta bertze alderdi guztien baiezko botoarekin onartu dituzte neurriak. Bertzeak bertze, 50.000 eurorainoko diru laguntzak onartu dituzte kultura ogibide dutenentzat, eta hamabi hilabetez luzatuko dituzte alokairua ordaintzeko diru laguntzak autonomoei eta aldi baterako enplegu erregulazioan daudenei. 

Elkarrizketa: Ana Galarraga eta Miren Basaras

«Zabaltzen jarraitu behar dugu ez dakigula benetan zer gertatuko den»

Jakes Goikoetxea

Asko dakite SARS-CoV-2 birusari eta COVID-19aren izurriteari buruz, baina, asko jakinda ere, zuhurtziaz jokatzen dute, ez baitakite zer gertatuko den epe laburrean eta luzera begira.

EBZren dorreak, Frankfurten. ©Armando Babani / Efe

Beste 600.000 euroren zorra erosiko du EBZk

Iker Aranburu

Pandemiaren aurkako programa berezia beste sei hilabetez luzatu du banku zentralak, 2021eko ekainera arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna